Hemen zaude

Badira gauza batzuk gure buruari planteatu ere egiten ez dizkiogunak. Noizean behin, ordea, interesgarria ez ezik, eraginkorra ere izan liteke apur batean gelditzea egoerak aztertzeko, eta horretan lagunduko digu gaurko idatziak.

ZER DA EUSKALDUNA IZATEA? Etxe bereko hiru belaunaldiri egindako galdera da; aitite, aita eta alabari, hain zuzen ere. Familia jakin bateko senideak izan badira ere, erantzunek ondo baino hobeto islatzen dute “EUSKALDUN” hitzaren kontzeptuak 80 urteko epean pairatu duen aldaketa; izan ere, edozein etxetan ere oso emaitza antzekoa jasoko zen. Eta aldaketa, zoritxarrez, ez da onerako izan.

  • Aititek, 86 urteko agureak, ondo argi eduki zuen euskalduna izatea zer den. Ia pentsatu gabe eta, aldi berean, ziurtasun osoz, hauxe bota zuen: "Euskalduna izatea euskara izatea da".
  • Aitak, 54 urteko gizonak, berriz, ez zen hain zehatza eta argia izan. Hamaika buelta eman ostean, berbetan hainbeste denbora eman eta gero, hauxe ondorioztatu zuen: "Euskalduna izatea bizimodua da".
  • Alaba, 26 urteko neskatoa, erdi harrituta geratu zen galdera entzutean; erdi mutuan. “Ez dakit”-ka ere ibili zen tarte batzuetan. Eta hainbeste pentsatu ondoren, hauxe esan zuen: "Euskalduna izatea barruan sentitu ahal den zera bat da".

Beraz, zerbait edukitzetik, nolabait bizitzera, eta handik, zer edo zer sentitu ahal izatera. Nahiko ondorio argia atera ahal da: euskaldun hitzak bere jatorria galdu du, hau da, beste modu batean ulertzen dugu gaur egun garai batean zentzu handiko berba izan zena.

Irakurtzen gogorra bada ere, aititek arrazoia dauka; EUSKALDUNA IZATEA EUSKARA IZATEA DA, txapelduna izatea txapela eduki eta haurdun egotea haurra izatea diren moduan. Ezberdintzen jakin behar dugu; euskaldun izatea eta euskal herritarra izatea bi kontzeptu ezberdin dira. Bada, adibidez, hainbat euskal herritar, izan nahi arren, euskalduna ez dena eta, aitzitik, hainbat euskaldun, euskara eduki arren, erdara hutsean ibiltzen dena.

Aurreko guztia esanda, ez gara askoz gehiagorik luzatuko, baina ez dugu bukatu nahi gauzatxo bat eskatu barik: EUSKAL HERRITARROK, IZAN GAITEZEN EUSKALDUNAK!! IKAS ETA ERABIL DEZAGUN EUSKARA!!

Gehitu iruzkin berria