Hemen zaude

Ikasturtea bukatzeko pare bat egun falta badira ere, atzo izan genuen Barnetegiko azken Afari Mundiala, hau da, neguko ikastaroei amaiera ematen diona. Ekitaldia polita izan zen: poteoa, kupela, afaria, opariak, txistua, dantza, lagunak, parranda…; giro ezin hobea, ikusten duzuenez. Hala ere, ez dugu bukatu nahi gauza pare bat esan barik, eta hitzak batzuetan galdu egiten direnez, erabaki dugu idatziz adieraztea.

Neska-mutilok, jakin ezazue guretzat PLAZERRA IZAN DELA zuok, guztiok, berton izatea; zuok, guztiok, gure proiektuan parte hartzea; zuok, guztiok, dagoeneko gure “umeak” izatea.

MILA ESKER guztioi gugan izan duzuen konfiantzagatik; zuon euskalduntze prozesuan geu hautatzeagatik. Zuok barik hau ez litzateke posible izango, beraz, berriro ere, ESKERRIK ASKO.

Eta, zelan ez, ZORIONAK. Emaitzak, oraindik, ez dira argitaratu eta ez dakigu titulua nortzuek lortuko duzuen. Beste batzuk, zoritxarrez, idazlanean geratu zineten. Baina guk guztiok zoriondu nahi zaituztegu; izan ere, uste dugu guztiok merezi duzuela. Ahaztu ditzagun minutu batez tituluak. Ikusten duzue zelan egin duzuen aurrera? Zuon euskara hobea da hasi zinetenean baino, eta hori goraipatzeko modukoa da . ZORIONAK!!

Eta esan beharrekoak esanda, bukatu orduko, aholkua: ez galdu irabazitakoa! EUTSI EUSKARARI!!

Nahi duzuenera arte!