Hemen zaude

Hilabete osoz izan dugu gure artean Patricio. Etxepare Institutuaren bidez, Zornotzako Barnetegira etorri den Txileko 20 urteko gaztea da. Gaur da bere azken eguna Barnetegian eta bihar, Euskal Herrian; eta guk, joan orduko, elkarrizketatu nahi izan dugu.

  • Oso argi daukagu, Patricio, zein den egin nahi dizugun lehenengo galdera. Zer dela—eta hasi zinen euskara ikasten?

Begiratu, bada, aspalditik datorren kontua da. Aitak, txikitan, Euskal Herriari buruz egiten zidan berba. Beti esaten zidan Mapuche Herriaren moduko herria zela; Euskal Herrian ere hizkuntza propioa zeukatela. Eta orain, unibertsitatean nagoela, kasualitatez, Euskal Herriko historiari buruzko ikasgaia egiteko aukera izan dut; eta jakina, aukeratu egin dut. Horretan ez dugu euskara ikasten, baina irakasleak Etxeparek eskaintzen dituen beken berri eman zigun, beraz, saiatu ez ezik, lortu ere egin nuen, eta berton nago, lehenengo urratsak ematen.

  • Ea, eta hilabetea igarota, zer iruditu zaizu Barnetegia?

Bada, itzela! Ikaragarria! Asko gustatu zait, eta egia esan ez nuen horrela imajinatzen; izan ere, Txilen ez dugu horrelakorik. Hainbeste ikasi dut, eta, azken finean, horretan etorri naiz. Kritika txiki bat egitearren, esango nuke, maila altuagoa izanda, gehiago ikasiko nuela; uste dut atarramendu gehiago aterako niola. Hori dela—eta, argi daukat datorren urtean, berriro saiatuko naizela beka lortzen; espero dut ordurako maila altuagotsua izatea.

  • Zer azpimarratuko zenuke?

Gauza batzuk, egia esan!
Ikaskideak! Oso atseginak dira; beti laguntzeko prest. Oso pozik nago alde horretatik.
Irakasleak! Oso arduratsuak; oso lagunkoiak. Nolabait esatearren, esango nuke “eraikitzeko” gogoa sumatu dudala eurengan, memento oro.
Teknologia eta materiala! Aho bete hortz nago; ordenagailuak beti eskura, liburuak zenbat gura, klaseko arbela, hainbat material edozer lantzeko … Oso osoa, benetan. Horrek nahiko errazten du ikasteko prozesua.
Ikasteko sistema! Bitxia bezain ona iruditu zait. Asko gustatu zait eta, uste dut, asko ere asko ikasi ahal dela Barnetegiak erabiltzen duen sistemari esker. Helduok ikasteko ezin hobea da.

  • Borobiltzearren, zelan definituko zenuke Barnetegia hitz gutxitan?

Ikasteko eta jendea ezagutzeko edonori aholkatuko niokeen bizipena da. Oso aproposa norberaren gaitasuna neurtzeko; bai ikastekoa, baita ikasitakoa praktikan jartzekoa ere.

  • Eta bukatzeko, zer hartuko duzu faltan?

Bada, Euskal Herria. Mendiak, baserriak, jendearen herriarekiko identifikazio-maila, usadioa, etxekotasuna … Horren falta izango dut, eta horregatik espero dut egunen batean berton ibilbide profesionala hastea.

  • Berba politak zureak, Patricio! Mila esker, benetan!

Mila esker zuoi. Asko gustatu zait Barnetegiari berba hauek oparitu ahal izana, berak niri hainbeste oparitu dit—eta! Eta, bide batez, aprobetxatu nahi dut izan ditudan irakasleei ere eskerrak emateko. Eskerrik asko, bihotzez, Maider, Erika eta Alexi; irakasle ezin hobeak dira eta asko lagundu didate.