Hemen zaude

Pasa den asteartean, Arriaga antzokian, Omar Faruk Tekbilek musikariaren armoniaz gozatzeko aukera izan genuen. Omar Faruk Tekbilek-en jaioterria Turkia bada ere, New Yorken bizi da eta bere doinuetan ekialdea eta mendebaldea fusionatzen ditu; argi utziz, desberdintasun kulturalen gainetik, adierazpide artistikoa eta emozioa lehenetsi daitezkeela.

http://youtu.be/iOIx2a7mMMQ

Bere lanetan Omarrek erakusten digu kultura artekotasunean ere armonia dagoela eta, bere ustean, agian horretan baino ezin dela egon. Globalizazioak gauza txar asko ditu, baina onak baditu, onenetarikoa da beste kultura batzuk ezagutu baino, beste kultura batzuekin elkarreragiteko ematen digun aukera. Elkarreragin horretatik sortzen baita Omar Faruk Tekbilek-en musika. Eta berari entzunda, bati iruditzen zaio Euskal kulturak ere baduela Mediterraneoko kulturatik zerbait, edo agian Mediterraneoko kulturak Euskal Herrikotik.

Omar Faruk sufista da, islamaren adar mistikoa, eta bere urratsak filosofia horrek gidatzen baditu ere, egia ere bada, berak armoniaren defendatzailea dela, ideologia desberdinen gainetik, erlijio desberdinen gainetik, gizakion arteko eta gizakion eta naturaren arteko armonia bilatzen duen musikaria eta pentsalaria baita, eta horretarako musika du bidea. Izan ere, inoiz aitortu izan du musika jotzea otoitz egitea bezalakoa dela berarentzat; bere ustez, musika da Jaungoikoarengana heltzeko biderik laburrena.

http://youtu.be/nPtwJQL8AjI

Neuk ez dakit ateoa naizen, baina agnostikoa bai behintzat, baina,Omarri entzunda, neu ere Jaungoiko horrengandik gertuago nago. Armonia eta bake horren partaide egiten nauelako eta kultura guztiak uste baino gertuago daudela erakusten digulako.