Hemen zaude

Joan zen eguraldi ona!! Aurten inoiz baino gehiago kostatu zaio agurtzea, baina, antza denez, dagoeneko neguari eman dio erreleboa. Heldu zaigu, beraz, aterpean egoteko garaia, ezin aproposagoa bera liburu on bat irakurri edota zinemara joateko; hori dauka ona neguak!! Hori dela eta, Zornotzako Barnetegiak proposamena egin nahi dizue; hona hemen nobedadeak:

  • LOREAK filma

Hiru emakume, gizon bat eta loreak. Oso drama ezberdina Jon Garaño eta J.M.Goenagarena; benetan originala. Maitasuna, bakardadea, konpromisoa, errespetua, egunerokotasuna, jakin-mina, harremanak, leialtasuna; horiek dira, besteak beste, 99 minutuetan azaltzen direnak. Hausnarketarako aukera, beraz, ezin hobea; izan ere, aipatutakoak horretarako oso aproposak izateaz gain, isiltasuna nagusia da filmean zehar eta itzel ondo dago erabilita. Sentimenduei astindu ederra!! Noizean behin ikusi behar diren horietakoa.

  • HARRIAN MEZUA eleberria

Alberto Ladron Aranaren eleberrietan ohikoa denez, honetan ere, misterioa topatuko dugu lehenengo orritik azkenera; jakin-mina piztuta mantentzen da liburua irakurtzen hasten garenetik. Hilketa, polizia-ikerketa, proxenetak, droga-trafikoa, haur-bahitzaileak…; nahaste itzela bezain erakargarria. Eta, nahasteaz baliatuz, zeharkako gizarte-kritika ere egiten du Ladronek bere azken eleberri beltzean. Bene-benetan liburu ona!!

Eta besterik ez dugu esango, ez baitugu ezer gehiagorik aurreratu nahi. Baina bukatu orduko, aholkua: LIBURUAK ETA FILMAK EUSKARAZ!!!

Iruzkinak

Irakurri dut liburu hau eta oso ondo dago! Ikasten dugunontzat berezia, oso entretenigarria. Nobela beltza, misterio eta suspense askokoa. Batzuetan, ahaztu nuen euskaraz irakurtzen ari nintela!

Gehitu iruzkin berria