Duela egun batzuk izan genuen Filmin Euskaraz online zinema plataformaren berri; hain zuzen ere, euskarazko lehen streaming kanala da berau. 40 filmekin hasi da martxan plataforma, baina eskaintza apurka-apurka zabaltzen joatea da sortzaileen asmoa. Ordainpekoa den zerbitzu sortu berri honek (hilabetean 8 euro balio du) 3 atal ditu, fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako filmak, hurrenez hurren, eta audioak zein azpitituluak ditu euskaraz. Aukera ona da, beraz, zinema euskaraz bizi nahi dugunontzat.
Hala ere, podcast honetan entzun dezakezuen bezala, bai EAEn bai Nafarroan, Filmin Euskarazen pareko zerbitzuak ditugu, eta doan, gainera. EAEn, Euskadiko Liburutegi Publikoko Sarearen online zerbitzuak Efilm aukera eskaintzen du. Bertan, astean 2 film ikus ditzakegu doan eta bilduma osotik 104 pelikula daude euskarazko audioekin. Ez da gauza bera, ordea, azpitituluak euskaraz nahi izanez gero. Kasu horretan, bi baino ez! Nafarroako Liburutegi Publikoko sarean ere antzekoa omen da egoera, kaskarragoa ez bada.
Ziurrenik gure irakurle gehienok izango zarete jadanik zuen herri edo liburutegi publikoko erabiltzaile, beraz, egin behar duzuen bakarra, bertara joan eta online zerbitzua erabili ahal izateko gakoak eskatzea da. Horrek eLiburutegia-rako sarbidea emango dizue eta, bide batez, baita Liburubila zerbitzua erabiltzeko aukera ere. Azken hau, Eusko Jaurlaritzak 2018an abian jarritako kultura bilatzaile digitala da, eta filmak eta betiko liburuak (paperezkoak zein digitalak) ez ezik, ikus-entzunezko artxiboak, digitalizatutako dokumentuak, entzuteko liburuak, dokumentalak eta beste hainbeste lan hartzen ditu bere baitan.
Hori, baina, beste kontu bat da eta zuen esku utziko dugu bertara sartu eta Liburubilaren barrunbeak ezagutzea. Guk gaur aukera eman nahi izan dizuegu Filmin Euskaraz zerbitzua zein Efilm ezagutu eta, batean zein bestean, kultura euskaraz gozatzeko.