Hemen zaude

Hamabostaldi honetan beste bi ikasleren iritziak jaso ditugu. Bata, Bénédicte Niquège ,  familia lapurtar batetik dator; bestea, Jose Moral,  Bermeokoa da.

Zergatik aukeratu ditugun Benedicte eta Jose? Euskara emozioz bizi dutelako eta sentipen bereziak kontatu dizkigutelako. Gaurkoan titulo eta gramatikarik ez. Gaurkoan euskaraz bizitzea helburu.

Bénédicte Niquège

Zer dela eta hasi zinen euskara ikasten?

Parisen bizi naiz, familia Lapurtarra da eta nire familiaren historia berezi xamarra da, izan ere, aitaren aldetik ez dira euskaldunak; amaren aldetik bai, ordea, baina emazteak soilik,  gizonak ez. Beraz, amatxi, ama eta besteak euskaldunak ditut guztiak eta horrexegatik ikasi nahiko nuke, historiarekin jarraitzeko, emazte euskaldunen haria ez apurtzeko.

Zein da zure esperientzia euskara ikasten?

Duela 3 edo 4 urte egon nintzen hemen eta gero euskara utzi nuen. Hasieran unibertistatean hasi nintzen euskara ikasten eta gero, bizitzak eraginda utzi egin behar izan nion. Aurten Pariseko euskal etxean hasi naiz berriz, eta udarako barnetegira bueltatzea erabaki dut. Hasieran, zaila eta gogorra egin zait, baina ikasteko baldintzak oso onak dira. Horregatik, datorren urtean ahal badut, berriro itzuliko naiz barnetegira.

Jose Moral

Jose, bermeotar bat euskara ikasten? Azaldu egiguzu hori, mesedez!

Nire gurasoak Jaengoak dira, baina ni Bermeon jaioa naiz. Eskolan gazteleraz egiten genuen dena eta eskola bukatuta 16 urterekin itsasoratu nintzen.

Lagunekin batzuekin euskaraz egiten dugu, beste batzuekin erderaz. Bikotekidea euskaldun zaharra da eta bigarren perfila ere badauka eta harekin orain euskaraz ahalegintzen naiz hizketan. Nire helburua ingurukoekin hitz egitea da; iloba ere badaukat orain, 9 hilabetekoa, eta harekin derrigor egin beharko dut euskaraz! Ilusio itzela egiten dit harekin hitz egin ahal izateak!

Hala ere, ulertu ia dena ulertzen dut eta klasean oso pozik nago, lehen, berba egiteko lotsa izaten nuelako eta hemen daramatzadan hamar egunetan erraztasun handia hartu dudalako.

Horrez gain, gure historia ere beti gustatu izan zait. Itsasoratzen nintzenean - lehen ez zegoen internetik eta abarrik- 25bat liburu eramaten nituen nirekin eta izugarri gustatzen zitzaidan haiek irakurtzea.  Adibidez, Aita barandiaranek azaltzen duenean zelan bizi ziren antzina Santimamineko kobeta, edo Pio Barojaren “Cuentos”, “Las inquietudes de Shanti Andia”, “El árbol de la ciencia” eta abar. Gazteleraz irakurtzen nituen, zelan ez, baina beti Euskal Herriari buruzkoak.

Beti interesatu izan zait Euskal herria eta euskara, eta hori dela eta etorri naiz bertara. Lehen esan dizudanez, oso pozik nago, berba egiteko lotsa galdu dudalako eta, behin hasita, euskara ikasten jarraituko dut irailetik aurrera ere, ondo ederto ikasi arte!