Dakizuenez, joan den asteazkenean hasi da aurtengo Durangoko Azoka. Betiko lez, abenduko zubiak ematen digun aukera aprobetxatuta, geu ere bertan izan ginen, ikasleen egunean, bueltatxoa egin eta zenbait produktu erosteko.
Urtero ospatzen den euskal kulturaren eta kulturzaleen topagune eta erakustokia da Durangoko Azoka. Ba al dakizue, lehena 1965ean egin zela, Andra Mariko elizpean, goizean betiko merkatua egin eta gero? Bada, bertan egin zen debekatu eta handik merkatu plazara mugitu zenera arte. Kontua da urtez urte bisitari kopuruak gora egiten zuenez, 1997an gaur egunean ospatzen den lekura ekarri zela; Landako gunera, hain zuzen.
Liburu eta diskekin lotzen dugun arren, Azoka beti izan da liburu eta diskoen aurkezpena eta salerosketa baino askoz gehiago. Egileekin harremana izateko aukera ematen du, haiek egindako lana hurbiletik ezagutzeko aukera. Kultura, oro har, du bere izatea; horregatik, urteekin gune ezberdinak sortu dira nagusiari lotuta. Hortxe dauzkagu Saguganbara, ume eta gaztetxoentzako sortua; Ahotsenea, proiektuak zuzenean aurkeztu eta sortzaileekin solasaldiak izateko gunea; Irudienea eta Szenatokia, ikusentzunezko eta arte eszenikoen gunea; eta azken sorrera dugun Kabi@, kultura digitalaren eredu berrien gunea.
Beraz, zuetako norbait inoiz egon ez bada, gomendio zintzoa egingo dizuegu: joan! Bertan zaudetela ulertuko duzue zergatik den hain berezia gu guztiontzat Durangoko Azoka