Euskararen akademiak 100 urte egiten ditu aurten eta beraren magalean sortutako Euskara Batuak, berriz, 50. Hala bada, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi prestatzeaz gain, ikasleontzat oso interesgarriak diren bi tresna aurkeztu dira; horrexegatik, eta honako hau bereziki zuoi zuzendutako bloga dugulako, tresna horiek zertzuk diren azalduko dizuegu.
Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiaren web orri eraberritua. Esan daiteke orain arte eskura egon den web orria ez zela, agian, argiegia nabigatzeko orduan. Horrek, sarritan, praktikotasuna kentzen zion, izan ere, unean uneko zalantzak argitzeko nahasi samarra zen. Oraingoak, berriz, estiloa guztiz aldatu du, eta erraza eta bisuala da, erabat. Bilaketak di-da egin ditzakezue hemendik aurrera eta zalantzak momentuan argitu. Sartzen zaretenean ikusiko duzuenez, funtzioa ez da soilik zalantzak argitzea, baina guri arlo horretan asko lagunduko digu!
Web orrian bertan aipatzen denez “Hizkuntza-baliabideak noiznahi eskura izateko ahalegin berezia dago webgune eraberrituaren atzean, hiztegiak, corpusak, hizkuntza-atlasa, gramatika, onomastika, arauak, baita Euskara Batuaren Eskuliburua bera ere, kontsultagarri daudelako sarean”.
Euskara Batuaren Eskuliburua da aipatutako bigarren tresna interesgarria. Modu didaktikoan ematen ditu arau, gomendio eta irizpenak. Hau da, zalantza baten aurrean argi eta garbi jakin dezakezue erabilera hori egokia edo zuzena den ala beste era batera esan/idatzi behar duzuen. Hobeto uler dezazuen, sar zaitezte lotura honetan eta bertan ikusiko duzue hainbestetan txarto erabiltzen dugun forma bat eta, benetan, nola erabili behar den!
Zorionak beraz, Euskaltzaindiari; baita gu guztioi ere, aldaketa hauek denon mesederako, euskararen mesederako, izango direlako. Erabil ditzagun, bada!