Gainean dugu Aste Santua, eta harekin batera, askok eta askok oporrak izango ditugu; beraz, aspaldian irakurketa gomendiorik egin gabe geundenez, aukera hauxe baliatu nahi izan dugu pare bat libururi buruz hitz egiteko. Aurrekoan proposatutako biak euskal idazleen lan berriak izan ziren; aste honetako blog-sarreran berriz, ingelesetik itzulitako liburu bat aurkeztuko dizuegu. Datorren astean, aldiz, oporretan joan aurreko egunetan hain justu, Aritz Gorrotxategiren Ahazten diren gauzak izango dugu hizpide.
Goazen bada, aste honetakoarekin!
Kazuo Ishiguroren Egunaren hondarrak eleberria da. Hasteko, Booker sari prestigiotsua irabazi zuen, ondoren, film baten bidez, are ezagunago egin zen, eta bukatzeko, idazleak Nobel saria irabazi zuenean, liburuaren ospea ezin handiago bihurtu zen. Zortedunak gara, beraz, euskaraz halako harribitxia irakurtzeko beta dugulako Zaitegi bekari esker, Amaia Apalauza eta Iñigo Roquek egindako itzulpenaren bidez. Jakizue, baita, bilatu nahi izanez gero, Elkarrek argitaratu duela.
Liburuan, Stevens maiordomoak bidaia labur baten zehar bere bizitzaren errepasoa egiten du, eta errepaso horretan, bi mundu-gerren arteko garaiak eta orduko handiki ingelesen bizimodua islatzen ditu, maiordomo izatearen gazi-gozoekin nahasturik.
Abisatu egin behar zaituztegu, hori bai, lasai eta arretaz irakurtzeko liburua dela. Izan ere, hizkuntza forma nahiko konplexuak erabiltzen ditu, eta lexiko aldetik ere esfortzu apur bat eskatzen du, hitz aukeraketa zabala eta oparoa aurkituko baituzue. Hala ere, modu oso dotorean eginda dago kontakizuna, eta irakurri ahala, istorioak eta narratzaileak guztiz harrapatuko zaituztete. Merezi du, inongo zalantzarik gabe.