Hemen zaude

Azterketa idatziaren emaitzak argitaratuta, batzuk, honezkero, buru-belarri ibiliko zarete ahozko azterketa prestatzen. Une ona da, hortaz, aholku batzuk emateko, eta horixe egingo dugu aste honetako sarreran; alegia, gaiaren garapenerako aintzat hartzeko modukoak zabaldu.

  • Dakizuenez, azterketan, gaia garatu beharko duzue eta, horretarako, prestaketa-lanak egin behar dira. Ea, bada: zeintzuk dira eman beharreko pausoak?Ondo irakurri eskatzen zaizuena: izenburua irakurtzea ez da nahikoa. Gogoan izan ahozko testu egokia sortu behar duzuela eta, horretarako, ezinbestekoa dela argi izatea zer eskatzen dizueten; beraz, denbora hartu eta ondo ulertu egitekoa.
  • Eskema ona egin: ez ahaztu gure diskurtsoa koherentea eta ondo kohesionatua izan behar dela. Hori zelan lortu? Bada, kontuan hartuta zer eskatzen duten, ideiak, alde batetik, ondo antolatuz eta, beste aldetik, ondo lotuz; horixe da gakoa! Plan orokorra egitean, baina, ez ahaztu zenbat denbora eman beharko duzuen berbetan, horixe ere ondo kontrolatu behar baita. Eta gogoratu: ESKEMA ESKEMA DA, eta ez idazlana (hori jada gainditu duzue—eta), beraz, ekidin esaldi luzeak eta lerrokadak.

Eta prestaketa-lanak eginda, zer?

  • Eskema jarraitu: eskema zerbaiterako egin duzue, hain zuzen ere, hitzaldi koherentea sortzeko. Une oro errespetatu eta ez galdu haria!
  • Ez irakurri: eskema ez da irakurtzeko sortutakoa; ez gero! Eskema gida baino ez da; hitzaldian garatu beharreko ideien hurrenkera adierazten duen gida, besterik ez.
  • Bikotekideari begiratu: normalean, aztertzaileei begiratzeko joera izaten duzue; bada, ez! Zuek, berez, beste azterketariarekin egin behar duzue berba.

Auto-zuzenketa egin: batzuek uste dute akatsik gabeko azterketa egitea nahikoa dela gainditzeko. Ea! Ez da horrela, baina egia da zuzentasuna garrantzitsua dela. Beraz, mintzatu ahala akatsik identifikatuz gero, zuzendu inongo beldur barik, horixe ere kontuan hartzen da—eta.

Eta aipatutako guztiak betez gero, litekeena da arazorik ez izatea. Hortaz, LASAITU eta EGIN KASU!

ANIMO, GUZTIOI, AZKEN TXANPA HONETAN!