#NonDa?
Laster beteko da urtebete #ZirtAlaZart ekimena sortu genuenetik. Helburua, Facebookeko gure jarraitzaileon eta gure artean, hartu-eman zuzena, lagunartekoa sortzea izan zen; egia esan, izandako parte hartzeari esker, apur bat hobeto ezagutzen zaituztegula esan dezakegu. Eskerrak ere eman nahi dizkizuegu, gelditu barik ibili zaretelako emandako aukeren artean bata ala bestea aukeratzen, azalpenak ematen, argudiatzen... jo ta fuego!
Onartu behar dugu, baina, azkenaldian zer galdetu ez dakigula ibili garela! Batetik, kuxkuxeroegiak ere ez dugulako izan nahi (edo hanka sartu) galdera oso pertsonalak eginda; bestetik, jartzen dugun #ZirtAlaZart horrek tentagarria izan behar duelako zuek erantzuna emateko. Beraz, hemendik aurrera, hain sarri egin beharrean, apur bat tartekatuago egitea erabaki dugu. Horren ordez, beste ekimen bat sortuko dugu: #NonDa.
Lehenago aipatu dugun legez, apur bat hobeto ezagutzen dugu elkar eta hala jarraituko dugu, noizean behin, #ZirtAlaZart-ak proposatuz. Gure ingurua, ordea, zenbat ezagutzen dugu? Pentsatu duzue inoiz horretan? Albo-alboan dauzkagun mendi, herri, hondartza, ibai, artelan eta abarrak zenbateraino ezagutzen ditugu? Lekuan lekuko errezetak edo jai esanguratsuenak ezberdintzeko eta kokatzeko gai izango ginateke?
Horixe da, bada, datorren hilabetetik aurrera planteatu nahi dizuegun joko edo elkartrukea: #NonDa. Guk Euskal Herriko zerbaiten argazkia jarriko dizuegu, eta zuon helburua non dagoen esatea izango da! Baietz uste baino gehiago asmatu!