Urte hasieran @euskaraldia ekimena izan genuen hizpide blog honetan bertan. Gogoratzen duzue? Aurkezpen ekitaldirako Zornotzan izan genuen Kike Amonarriz jauna, proposamenaren nondik norakoak azaltzen eta horren berri eman genizuen otsailean.
Bada, hainbeste denboran zain egon ondoren, @euskaraldia-n izena emateko epea zabalik dago jadanik eta, gainera, oso erraza da! Lehenengo eta behin, 11 egun horietan izango duzuen rola erabaki behar duzue, hau da, #ahobizi ala #belarriprest izango zareten. Ondoren azalduko dizuegu jarrera hauek zer diren.
Ahobizi izateko, “euskaraz egingo diezue ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zarete euskaraz. Ezagutzen ez dituzuenekin lehen hitza euskaraz egingo duzue, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai.”
Belarriprestek, ordea, “euskaraz dakiten guztiei zuei euskaraz egiteko gonbitea egingo diezue. Euskara ulertzen duzuela adieraziko diezu eta zuekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuek euskaraz edo erdaraz erantzungo duzue, baina zuei euskaraz egiteko eskatuko duzue.”
Ikusten duzuen bezala, ez da maila kontua, jarrera kontua baizik!
Hartu duzue erabakia? Oso ondo! Bada, sartu orain euskaraldiaren web orrian eta aukeratu zuon rola. Ondoren, 6 datu baino ez dituzue eman beharko (izen-abizenak, generoa, udalerria, jaiotza-urtea, materiala non hartu eta e-posta), eta horrekin listo! Zornotzakoontzat, twitterren @zornotzarrak taldea duzue edozein kontsulta egiteko, baita informazioa jasotzeko ere.
Beraz, azaroaren 23tik abenduaren 3ra jo ta ke ibiliko gara, guztion artean ohiturak aldatu arte! Hamaika egunekin hasiko gara, baina behin saltsan sartuta, baietz betiko aldatzea lortu!