Hemen zaude

Inauterietan gaude, garai handia Euskal Herriko kulturarako. Hainbat lekutan ospatzen dira, eta, dakizuenez, berton, gurean, ospakizuna non jatekoa han. Hori dela-eta, gaurko honetan, datorren astearterako menua egiteko errezeta pare bat proposatuko dizuegu; izan ere, biak ere ohikoak dira Zornotzako zenbait etxetan: TXERRI-PATAK eta TOSTADAK.

TXERRI-PATAK

Osagarriak:
2 txerri-pata
2 tipula txuri
2 porru
8 piper txorizero
Irin apur bat
125 gr. tomate saltsa
Piper bat
Gatza
Oliba-olioa

Lehenengo txerri-hankak garbitu eta egosi egingo ditugu. Lapikoan porrua, tipula eta gatza jarriko ditugu txerri-patak egosteko. Osagai hauek ordu ½ inguruz presio-lapikoan egosiko ditugu. Ondoren lapikotik txerri-patak atera eta hozten utziko ditugu. Txerri-patak hoztu eta gero, hezurrak kenduko dizkiegu astiro-astiro. Gero saltsa prestatuko dugu. Saltsa prestatzeko tipula jarriko dugu olioa duen zartagin batean. Tipula gorritu ondoren, irina, tomatea, piperra, piper txorizeroen okela eta gatza gehituko dizkiogu. Barazkiak eginda direnean dena irabiatu eta txerri hankei gehituko diegu saltsa. Saltsarekin batera, txerri-patak su txikitan jarriko ditugu beste 10 minutu egosten.

TOSTADAK

Osagaiak:
Aurreko eguneko 2 ogi handi.
2 litro esne.
10 goilarakada azukre.
2 kanela-zotz.
kanela-hautsa.
arrautza bi.
Oliba-olioa.

Ogiak xerretan ebaki behar ditugu. Lapiko batean esnea, 8 koilarakada azukre eta kanela zotza ipini behar dugu. Sutan jarri eta laurden batean irakiten utzi behar dugu. Esnea oraindik oso bero dagoenean, ogi xerren gainetik botako dugu. Garrantzitsua da ogia ondo bustitzea. Ikusten badugu berehala sikatzen dela, gehiago bota beharko dugu.

Horren ostean, zartagin batean olioa bota. Bero dagoenean, ogia, arrautzatik pasatu eta gero, frijituko dugu. Zartaginetik atera bezain laster, gainetik azukrea kanela hautsarekin nahastuta botako diegu.

On egin eta ondo pasa inauterietan!!!