Hemen zaude

Zornotzako Barnetegiak Loreak filmeko zuzendariekin izan du solasaldia, eta galdera batzuk egiteko aprobetxatu nahi izan du.  

  • Hasteko, galdera zaila, baina egin beharrekoa; beharbada, ehuneko ehunean, zuok baino ez dakizuelako erantzuna: zeri buruzko filma da Loreak? Zer esan nahi zenuten? Nondik sortu zitzaizuen istorio hori kontatu beharra?

Jose Mari Goenaga- Loreak filmak, guretzat, gai ezberdinak jorratzen ditu: inkomunikazioa (guretzat oso garrantzitsua zena); heriotza eta bizitzaren arteko muga …; baina guztien gainetik, filma egituratzen lagundu zigun gaia oroitzapena eta ahanzturaren arteko talka da. Hau da, nola sortu daitekeen konfliktoa gogoratu eta ahaztu nahi dutenen artean, ez? Kasu honetan Lourdes daukagu, Beñat ahaztu nahi duena; eta Tere, semea gogoratu nahi duena. Emakume hauen arteko konfliktoak, batez ere erditik aurrera, eramango du, hain zuzen ere, filma aurrera. Badago hirugarren pertsonaia bat, Ane, zer gogoratu edota ahaztu ez daukana, baina Beñaten irudia berreraiki behar duena (behar du aurrera jarraitzeko). Eta, nolabait, filma amaieran ematen den paradoxa zera da: gogoratu nahi duenak ahaztu egiten duela eta ahaztu nahi duenak gogoratu egiten duela. Gaia sortu zen gure buruari egiten genion galdera bati erantzun nahian: zergatik uzten ditu jendeak loreak errepidean? Gure ustez, ahanzturaren kontrako esfortzua da. Keinua hitzetara ekarrita, horrelako zerbait izango litzateke: “Ni hemen nago eta ez zaitut ahazten”. Jon Garaño- Jose Marik ederto azaldu du, beraz, errepikatzea izango litzateke. JMGoenaga- Nondik sortu beharra? Behar-beharra nik neuk ez nuen sentitu; beharbada Jonek bai, baina nik ez. Niri interesgarria iruditzen zitzaidan errepideetan ikusten diren lore horien irudia; besteak beste, uste nuelako horren atzean istorio bat egon zitekeela. Izango da lan honetan egiten dudalako, baina irudi sinple horretatik sortu zen kontua. Hasieran, askotan gertatzen den zerbait gertatu zitzaidan orduan ere: egun batzuetan, emozionatu egiten nintzen eta hainbat ideia bururatzen zitzaidan eta, handik bi egunera, desinflatu egiten nintzen. Horrelakoetan, ordea, salbuespenak egoten dira; hau da, ideia batzuk fresko mantentzen dira buruan bueltaka, eta horixe gertatu zitzaidan errepideetako loreen irudiarekin. Eta horrexek, hain zuzen ere, eman zidan indarra jarraitzeko; pentsatzen jarraitzeko. Eta hortik oroimenaren gaia, istorioa asmatzeko ematen duen gaia. Gutxi gorabehera, horrela itxi zen gaia. Konturatu nintzen loreen irudia ez zela irudi hutsa, baizik eta istorio bat kontatu zitekeela eta, horretaz gain, gai baten gaineko gogoeta piztu ere egin ahal zela.

  • Goyak, Oscarrak…ZORIONAK!!! Argi dago urrun, inork pentsa zezakeen baino urrunago, eraman duzuela euskal zinemagintza. Batek, Atxagak uste dut, esan zuen behin idaztean literatura zuela helburu eta ez euskararen defentsa, askok bestela ikusten bazuten ere; berak literatura hori euskaraz egiten zuela, baina helburu literatura bera zuela. Zeuen kasuan, espero ez zenuten ardurarekin egin duzue topo ala bilatzen zenutena izan da? 

JGaraño- Eskerrik asko! Ez, egia esan, oso pozik gaude filmak izan duen ibilbideagatik, ezta? Eta, beno, pelikula egiten duzunean, ez duzu horretan pentsatzen. Pentsatzen duzu istorio bat kontatu nahi duzula eta saiatzen zara hori ahalik eta ondoen egiten eta ahalik eta publiko zabalenera heltzen; nahiz eta kontziente izan ez dela publiko guztiarentzat. baina, behintzat, bere publikora iritsi nahi duzu. Eta, orduan, Donostiako zinemaldian lehiatu izana, Goya sariena, Oscarretarako hautagaitza … oso ondo daude eta ilusio handia egiten dute, eta batik bat, balio dute jendearen arreta deitzeko eta, beharbada, beste publiko batzuengana heltzeko. Horregatik izan da oso garrantzitsua; baita, curriculumean, gerora begira, hurrengo filmetara, alegia, oso lagungarria delako. Atxagarekin bat nator. Guk zinea egin nahi dugu eta horixe egiten dugu; euskaraz egin, baina zinea helburu, azken batean. Baina egia da euskararako gauza handia dela jakiteak harro sentiarazten gaituela. Baina ez da bilatu dugun zerbait, geroago etorri da hori. Euskaraz egin genuen istorioa euskaraz sartu zelako.

  • Ea! Euskalduntze prozesua! Horren harira ere galdera! Dakizuenez, hainbat jende dabil horretan; zelan azalduko zeniekete horiei zer den Barnetegia eta zeintzuk berezitasun dituen? Zuen ustez, zerk egiten du Barnetegia berezi?

JGaraño:-Barnetegia guretzako zer den, ba … ez gaude mundu horretan, baina kanpotik ikusita eta ikusita egon diren pertsonen esperientziak, esan ahal dugu oso baliagarria dela euskara ikasten ari direnek pausu handiak emateko euskalduntze prozesuan. Balio die zentratuago egoteko nolabait, beraien mundua horren inguruan dagoelako. Esan behar dut lehenengo pertsonan ezagutu ez arren, lagun batzuk hortik pasatu direla eta nabarmen hobetu dutela euskara. Egia esan euskaldun zaharrak izanda, ez da erraza euskaldun berrien paperean jartzea eta ikustea zeintzuk diren beraien zailtasunak.

  • Bukatu aurretik, eskaera! Gure iritziz, aipatutako prozesu horretan, prozesu guztietan gertatzen den moduan, motibazioa eten gabe landu beharrekoa da. Horregatik, berba batzuk eskatu nahi dizkizuegu euskara-ikasleak animatzeko.

JMGoenaga- Esango nieke batzuetan zaila dirudiela eta beste batzuetan ezinezkoa, baina hizkuntza bat, azkenean, hitz eginez eta praktikatuz ikasten dela. Beno, eta estuadiatuz ere bai! Nik uste dut diziplina handia behar dela hizkuntza bat ikasteko. Behin ikasita, beste faktore garrantzitsu bat dago: konplexu puntu hori. Askotan ez gara ausartzen uste dugulako txarto egiten dugula edota lotsa ematen digulako. Konplexu horiek gainditu egin behar dira. Nire kasu pertsonala kontatuko dizuet. Ni, adibidez, denboraldi batean, oso inseguro sentitzen nintzen euskaraz hitz egiten, nahiz eta ikastolan ikasi. Baina nire etxean, gurasoek, erdaraz egiten dute; kalean ere, normalean, erdaraz egiten nuen, beraz, horretara ohitu nintzen. Gero, ordea, lanagatik, euskara gero eta gehiago erabili behar izan dut. Hasieran, esan bezala, oso inseguru sentitzen nintzen; esate baterako, elkarrizketetara joan behar nintzenean … “baina zelan joango naiz ni?”, “ez ditut esaldiak ondo egiten!” eta horrelakoak esaten nituen. Baina gero, konturatzen zara eginez, pixkanaka, beldur hori gainditu egiten dela, eta ziurtasuna hartzen duzula. Nire gaur egungo ziurtasunak ez dauka zer ikusirik duela urte batzuk nuenarekin. Hori dela-eta, zera esango nieke ikasten ari direnei zein ikasi dutenei: euskaraz egin, eginez egiten da-eta! Ez beldurrik izan eta ez lotsarik izan! JGaraño- Beno ba … nire kasuan ez dago, egia esan, asko gehitzeko. Egia esan, oso antzeko sentitzen dudalako, Jose Marik esan duenaren antzeko. Egia da (Jose Marik atzetik esaten duen bezala) nire esperientzia ezberdina dela. Ni beti euskal mundu batean bizi izan naiz, etxean beti euskaraz eta inguruan ere euskaraz. Orduan, beste era batean sentitzen dut, baina, beno, nolabait esateko, kanpotik esan dezakedana da … bueno, ba, hor ikasten daudenei okurritzen zaidan gauza bakarra da ba … eutsi eta ekin. Esan nahi dut, nik uste dut normala dela edozein gauzatan ikasten zaudenean, hasieran akatsak egitea. Akatsen beldurrik ez izan eta pixkanaka-pixkanaka ikasten joango dira. Eta nik uste dut ikasten dela asko, edo niri sentsazioa ematen dit, nik, adibidez, beste hizkuntza batzuetan edo hobe esanda, beste hizkuntza batean, ingelesean, nik asko ikasi nuen entzunez ere. Orduan gonbidatuko nituzke, ba, batik bat irratia entzutera, nola ez, harremanak izatera jendearekin eta euskaraz bizitzera. Eta hor, ba, egunen batean konturatuko dira jada hitz egiteko gai izango direla. Nik uste dut zerbait inkontziente bihurtzen dela. Egin behar dena da; lan, lan, lan eta lan eta iristen da momentu bat helmugara iristen zarena. Beno, ba, hori da nire gomendioa: ekin eta berehala lortuko duzue!

  • Beno, mutilok! Bada, MILA ESKER, bene-benetan! Eta, badakizue, nahi duzuenean, gure etxeko ateak zabalik izango dituzue!!