Hemen zaude

Berton daukagu Soraluzeko Ixa Rodriguez, Zornotzako Barnetegian! Zuotariko askok ezagutuko duzue; izan ere, horretarako arrazoi batzuk daude. Alde batetik, “El Conquis”-eko 2013ko edizioan egon zen; beste aldetik, emakume boxeolaria da, eta ez edozein modukoa; ez gero! Espainiako aurtengo txapelduna da “minimosca” kategorian. Eta apur bat gehiago ezagutze aldera, elkarrizketa egin diogu; oso interesgarriak berak adierazitakoak!

  • Beno Ixa, ondo iruditzen bazaizu, “El Conquis”-etik hasiko gara. Bi urte izango dira hara joan zinela,baina jendeak, oraindik, gogoan zaitu. Kontatu, mesedez: zer dela-eta joan zinen? Zelako esperientzia izan zen?

Bada, begiratu, lagun batek esan zidan hain kirolaria izanda, animatu behar nintzela eta nik lagunari kasu egin. Hori bai, aitortu behar dut zer zen jakin barik joan nintzela eta neurri bateko sustoa hartu ere hartu nuela. Ea! Saiatuko naiz ondo azaltzen! Esperientzia moduan, itzela izan zen; itzela bezain gogorra! Ez dakizue, benetan, zer den horrelako proba fisikoak egitea zer jan izan barik. Aurretik jakin izan banu, ez dakit joango nintzen; baina han egonda, dena ematen saiatu behar, eta horixe egin nuen eskuak erre arte.

  • Esperientzia gogorra, orduan; baina zu trebatuta egongo zara horretan, ezta? Ez baita erraza izango emakumea izanda boxeolaria izatea. Zer diozu?

Tira, lehen zaila zen , baina gaur egun ezberdina da. Asko gara mundu honetan gabiltzan neskok. Lehen, konbate baten ostean, aldageletan, bakarrik egoten ginen eta bakardade hori ez zen ona. Guk, emakumeok, berba egiteko premia daukagu: gure kontuak kontatzekoa, kezkak partekatzekoa, arazoak komentatzekoa …; horretan, gizonak ezberdinak dira, baina guk behar dugu, eta lehen ez zegoen aukerarik. Gaur egun, batzuk gara aldageletan, alde horretatik, beraz, ederto.

  • Eta, bizimoduarekin lotuta, zein berezitasun eskatzen du txapelduna izan nahi izateak?

Konstantea izan behar da: horixe da gakoa! Nik beti esaten dut gauza bera: boxeolaria astean zazpi egunez boxeolari; honetan ez dago iganderik. Hau da, egunero entrenatu behar da, egunero zaindu … Beste gauza ezinbesteko bat deskantsua da; eta deskantsatzea deskantsatzea da; ez du balio parrandan joateak. Arazoak edota lan-karga ere ez dira batere lagungarriak; ahalik eta ondoen kudeatu behar dira ringera ez igotzeko. Nik horrela jokatu izan dut eta helburua bete dut.

  • Eta podiotik Zornotzako Barnetegira; zelan, bada?

Bada, behar 2. perfila behar dut, eta printzipioz horretan nabil, baina nik 3.a lortu nahi dut, eta oso burugogorra naiz, hortaz, uste dut topera jarriko naizela horretan. Bene-benetako helburua euskaraz pentsatzeraino heltzea da; bai, horixe nahi dut. Konturatu naiz euskaraz hitz egiten dudanean hobeto sentitzen naizela, aberatsago, nolabait esatearren. Asko maite dut euskara, eta horregatik nago oso gustura berton. Hemen euskaraz bizi daiteke eta, gainera, jendea oso jatorra da. Oso pozik nago, eta nahiko nuke bolada luzea eman Barnetegian.

  • Bada, Ixa, ez daukagu zalantzarik! Jarrera horrekin gura duzuna lortuko duzu! Mila esker erantzuteagatik eta nahi duzunera arte!