Azken urteotan ohitura dugun bezala, aurten ere atzerritik etorritako hainbat ikasle heldu dira gurera. Aurten Bai fundazioak eta Etxepare Euskal Institutuak urtero sinatzen dute euskara atzerrrian sustatzea helburu duen hitzarmena, eta helburu horri begira, bai neguan eta bai udan, herrialde ezberdinetako ikasleak izaten dira gure barnetegian, euskaran eta euskal kulturan murgilduta. Oraingo honetan, Txiletik etorritako bost ikasle izango ditugu otsaileko ikastaroan.
Catalina, Victoria, Denisse, Juan eta Pablo; Txileko Unibertsitatetik eta Pontificia Universidad Católica de Chile unibertsitatetik etorri dira, eta egonaldiko bigarren astea hasi berri duten honetan galdetu diegu ea zer nolako esperientzia ari den izaten. Lehen astea gogor samarra egin zaien arren, asko ikasten ari direla ere aitortu digute. Izan ere, beraien unibertsitateetan jasotako ikastaroetan ikasiak oinarri hartuta, bete-betean murgildu dira euskaran eta euskal kulturan. Ez da ahalegin makala!
Hilaren 21a arte egongo dira gurean barne, eta egun osoko ikastaroa zein arratsaldeetako ekintzak izango dituzte inguruak eta gure ohiturak hurbiletik ezagutu ahal izateko. Horrez gain, Gernika, Bilbo eta beste hainbeste leku bisitatzeko aukera izango dute, egonaldia erabat aberasgarria izan dadin. Hasiera gogorra izan da, baina aste honetan egindako ahalegina eta aurrerapena nabarmena izan da, beraz, ziur gaude ikastaroa bukatzen denerako hainbeste euskara eramango dutela Txilera barnean!