Hemen zaude

PODCASTAK EUSKARAZ!!

Oporretatik bueltatu berri gaude, eta bigarren liburu baten gomendioa egitekoak ginen arren, aste honetan, berriz ere teknologiaren inguruan idaztea erabaki dugu. Dakizuenez, aspalditik ari gara #euskarareningurunedigitala zabaldu eta hedatu nahian; izan ere, elkarlana eta auzolandigitala behin baino gehiagotan aipatu ditugu blog honetan. Bada, gaur Zuzeu orainkariak bere 10. urteurrena ospatzeko martxan jarri dituen 3 podcast-ei buruz idatziko dugu, labur-labur. Podcastok entzuteko lotura izenburuan bertan daukazue. Adi, merezi du-eta!

 

[10 Minututan]

Azkue Fundazioak babestutako podcast honetan, Maite Goñi adituak teknologia eta hezkuntza, biak uztarturik, izaten ditu hizpide. Hainbeste gai aztertu eta azaltzen ditu, zein baino zein interesgarriagoa! Ba al dakizue MOOC-ak zer diren? Edota nola egin dezakegun ikaskuntza/irakaskuntza errazago eta dibertigarriago aplikazioak erabilita? Gamifikazioaren gaineko zerbait entzunda daukazue? Bada, di-da batean jakin ditzakezue guztiak! 10 minututan, hain zuzen!

 

[Bipareta]

Izena irakurrita frontoia irudikatu baldin baduzue, oker zabiltzate! Arrate Hernandezek  zuzentzen duen podcast honetan, bi gai lantzen dira astero: bata, Zuzeuko erredakzioak aukeratua; bigarrena, berriz, kanpoko kazetari  gonbidatu batek erabakitzen duena. Adibide pare bat jartzearren, honako gai hauek aurki ditzakezue bertan:  joan diren hauteskundeen aurrekanpaina edota korrikaren biharamun sentimentala. Hau da, unean uneko gaien inguruko podcasta da. Gehiago jakin nahi duzue orain gertatzen ari den horretaz? Hementxe dago, bada, Bipareta!!

 

[Barruan gaude]

Ba al dakizue nola sortzen den Youtuber bat alderdi baten enkarguz? Eta Dragoi Bolako Vegeta dela San Mameseko esataria? Halako galderak egiteko burua galdu dugulakoan? Lasai! Elkarrizketa podcast honetan agertu diren pertsonaia batzuk aurkezteko adibideak baino ez dira-eta! Oier Aranzabalek astero pertsonaia baten etxean sartu, eta haren istorioak ezagutzeko beta ematen digu. Aurkezpenean bertan aipatzen den bezala,  “zerbait interesgarria esateko daukan oro” izan daiteke solasaldiko protagonista. Beraz, edozer espero dezakegu! Astero-asteroko sorpresa da Barruan gaude!