Aste honetan aurkeztu da MODELA itzultzaile automatikoa. 2016-2017an garatutako ikerketa-proiektu baten emaitza izan da; Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk kudeatzen duten ELKARTEK programa bidez finantzatutako proiektua, hain zuzen ere. Proiektuaren garapenean hainbat erakundek hartu dute parte, haien artean Elhuyarrek, Mondragon Linguak edota EHU/UPVko IXA ikerketa taldeak.
Ikerketaren helburua, Deep Learning teknikak eta sistema estatistikoak konbinatuta, kalitate handiko itzulpen automatikoko sistema sortzea izan da. Ikertzaileen hitzetan, sare neuronaletan oinarritutako sistema honek orain arteko itzultzaileek baino maila hobea du, beraz, aurrerapausua egin da.
Edozein erabiltzailek aukera du doan erabiltzeko hilabetero 2000 hitz itzultzeko. Hala ere, ordaindutako aukerak zerbitzu zabalagoa eskaintzen du; hala nola, testuak eta formato askotako dokumentuak automatikoki itzultzeko aukera, edota, doakoak ez bezala, datuen konfidentzialtasunaren bermea.
Oraindik egiteko asko dagoen arren, honelako baliabideak eta tresnak beti dira lagungarri gure arloan. Beraz, eta gehiago itxaron gabe, gonbita egiten dizuegu www.modela.eus webgunean sartu eta probak egiten hasteko.