Astebete. Horixe falta da @euskaraldia gure artean izateko. Ziur gaude irrikitan zaudetena datorren barikua noiz helduko; txaparen bila joan zaretela ere esango genuke lar erratu barik. Horrez gain, etxerako lanak eginda izango dituzue, hau da, joan den asteko blog sarrera irakurrita, Euskaraldiko bideo guztiak ikusita, aholkuak kontuan hartuta, auzokoekin hitz eginda… Prest zaudete, inongo zalantzarik gabe.
Azken galdera bat daukagu, ordea. Etxeko ordenagailuak eta mugikorrak zein hizkuntzatan dituzue konfiguratuta? Zein da nabigatzean zuen gailuek hartzen duten lehen hizkuntza?
Harrapatu zaituztegu! Ez da oso zaila, euskaldunon %80-90 erdaraz nabigatzen ibiltzen garelako. Hori ere ez al da, bada, aldatzeko kontua? Euskaraldia dela-eta, ohiturak hobetzen jarrita, alda dezagun joera kaskar hau ere!
www.lehenhitza.eus webguneak, zuen nabigatzaileak euskaratzeko edo euskara lehenesteko aukera ematen du. Oso modu errezean, klik pare batekin, euskaldundu ditzakezue bai ordenagailuak, bai mugikorrak, eta baita zuen webguneak ere, baldin badauzkazue. Beraz, #ahobizi eta #belarriprest izatea txalogarria eta oso garrantzitsua den bezala, interneteko ohiturak aldatzea ere berebizikoa da euskararekiko eguneroko harremana sendotzeko eta naturaltzeko.
Hala bada, zergatik ez oraintxe bertan klik egin eta abiapuntua horixe izan dadila? Horrela, azaroaren 23rako aldaketa martxan izango da! Sartu! Ohiturak aldatu!