Astero bezala, zuentzako interesgarria izan daitekeen informazioa partekatzera gatoz. Oraingo honetan, pare bat kontu aukeratu ditugu zuei aurkezteko: batetik, Itzuli aplikazioa eta, bestetik, DenboraZup! jokoa.
ITZULI APP Badira pare bat hilabete Itzuli aplikazioaren berri izan genuela. Itzultzaile neuronalei buruz kontatu genizuena gogoan duzue? Bai, ezta? Ziurrenik plazaratu zenetik hainbestetan erabiliko zenuten Eusko Jaurlaritzaren itzultzailea. Bada, Itzuli aplikazioak itzultzaile horixe du oinarrian. Agian, askok pentsa lezake ea zertarako jaitsiko duen aplikazioa webgunea eskura dagoenean. Hala da, bai, baina app-ak badu abantaila bat: diktaketak egin daitezke idatzi ordez! Beraz, itzuli nahi dugun testu zatia irakurtzen baldin badiogu, di-da batean lor genezake bueltakoa. Merezi du erabiltzea, ezta?
DENBORAZUP! MAHAI JOLASA Teknologia berriak eta aplikazioak alde batera utziko ditugu orain DenboraZup! jokoari buruz idazteko. Aro digitalean bizi garen arren, bada oraindik betiko mahai joko eta jolasen zale den jendea. Horren erakusgarri da Gasteizko lagun kuadrilla batek hartutako lana joko hau garatu eta plazaratzeko. Mahai jolasen zale izanda, konturatu ziren nahiko gabezia zegoela euskarazko jokoetan, eta "gure herriaren historia era dibertigarrian eta euskaraz ezagutzeko karta jolasa" sortzea otu zitzaien. Euskal Herriko gertakari historikoak buruan ondo iltzatuta dituena izango da, seguru asko, jokoaren irabazlea; beraz, badakizue, gure historia modu atseginean barneratu nahi baduzue, aukera ezin hobea duzue jolas honekin!
Hementxe bukatzen dira aste honetako gure bi gomendioak, eta informazio zabalagoa nahi izanez gero, beheko loturetan aurkituko duzue. www.euskadi.eus/itzultzailea www.iparra.eus www.argia.eus www.denborazup.eus