Sarri entzun izan dugu irakasleok eskaera bera ikasleen artean. Zergatik ez dago sarean ondo egindako idazlanen eredurik? Edo hobeto esanda, eredu gehiago? Zer dela eta ez dira euskara ikasle guztion artean partekatzen?
Galdera horiek ezin ditugu erantzun, baina hutsune hori hor egon da luzaroan, eta, egia da; euskara irakasten dugun zentro guztietan sortzen den beste idazlan kontuan hartuta, materiala sobera daukagu elkarri laguntzeko; bestela esanda, onak diren lanak guztion eskura jartzeko, denok ikus ditzagun eta eurekin ere ikas dezagun.
Horregatik, ikasle eta irakasleen idazlanak jarri ditugu egunotan gure web orrian; momentuz, B1, B2 eta C1, mailaka sailkatuta. Ahalik eta modurik errazenean bilatu ahal izateko, web orrian atal berria sortu dugu: IDAZLANAK. Hortxe klikatuz gero, zuzenean izango duzue idatziak irakurtzeko aukera. Egile gehienak gure ikasleak dira eta, nola ez, euren izen-abizenekin igo ditugu testuak; batetik, harro egoteko modukoa delako zerbait ondo egitea lortzen dugunean; eta, bestetik, eskerrak emateko, eurek sortutako materiala partekatu dutelako.
Gure asmoa, apurka-apurka ereduak gehitzen joatea da, eta, behin bidea zabalduta, ea arlo honetan ari garen guztion artean hutsune hori betetzen dugun.
Hemen duzue lotura IDAZLANAK atalera sartzeko: https://www.zornotzakobarnetegia.eus/eu/idazlanak
Gogoan izan eredu moduan eta kontsultarako jarri ditugula, eta ez kopiatuak izateko. NORK BERE ESTILOA DU!!
Zorte on guztioi probekin!