Ez dago kikarakada bete txokolate baino gauza hoberik, liburu on bat gozatzeko.
Behin baino gehiagotan idatzi dugu hemen liburuei buruz, baita irakurketa gomedioak eman ere. Gaurkoak badu, baina, ezberdintasun txiki bat; oraindik sortu gabekoa da. Hau da, egileak buru belarri ari dira euren zatitxoa prestatzen eta proiektua martxan da, baina liburua gauza dadin geu falta gara. Geu, bai, Euskal Herritarrok.
Galder Izagirre (Diapositivisme Studio) argazkilariaren ideia batetik sortu eta @GAZTEZULO-ko Gaizka Izagirre eta @Zaporeak-eko Oraitz Garcia elkartu ziren ondoren, ekimenak Euskal Herrian ahalik eta oihartzun handiena izan zezan. Sukaldaritza, artea eta elkartasuna dira ekimenaren hiru ardatzak, izan ere, antolatzaileen hitzetan, proiektu honen helburua da “Greziako Lesbos uhartean dauden eta txokolatez zipriztintzeko aukerarik ez duten haur errefuxiatuei hezkuntzarako azpiegiturak lortzeko baliabide ekonomikoak eskuratzea, eta bide batez, txokolate kikarakadak bidaltzea.”
Imagina ezazue argazki bilduma eder bat; irudien artean, ezkutuan, bertoko sukaldari handien errezeta goxoak; eta, hori guztia laguntzen, Euskal artista ezagunek propio horretarako sortutako letrak. Partaideen adibide batzuk jartzearren, Ane Irazabal, Ilaski Serrano, Fermin Muguruza, Miren Amuriza, Kike Amonarriz, Vanessa Blazquez edota Juan Mari eta Elena Arzak... Itxura ona du, ezta?
Beraz, gehiago jakin nahi baduzue, hementxe utziko dizuegu webgunearen lotura, pausuz pausu ezagutu dezazuen www.kikarakada.eus
On egin!