Ziurrenik gogoan izango duzue iaz, gutxi gorabehera urteko sasoi honetan, itzultzaile neuronal berri bati buruz idatzi genuela hemen. Modela itzultzaileak 2000 hitz itzul zitzakeen hilabetean doan, baina hortik gorakoak ordaindu egin behar ziren; hala ere, aurrerapauso handia izan zen, eta itzultzaileen sorkuntzan bide berriak zabaltzen ari zirela argi erakutsi zuen.
Bada, aste honetan, Eusko Jaurlaritzak itzultzaile neuronal berria sareratu du. Hau ere, Adimen Artifizialean (AA) oinarrituta dago, neuronala da; hau da, giza burmuina imitatzen duen neurona sare artifizialak osatua da. Horrek testu luze eta konplexuak itzultzeko gaitasuna ematen dio sistemari, eta, beraz, ohikoago izan diren gramatikan eta estatistikan oinarritutako programen aldean, itzulpen naturalagoak ematen omen ditu. Gainera, 4000 karaktere itzultzeko aukera ematen du bakoitzeko, eta nahi bestetan erabil daiteke doan.
Jaurlaritzak urteetan egindako itzulpen lanak ditu oinarrian oraingoz, berrikusiak eta eguneratuak; izan ere, gailuak testuak itzuli ahala ikasten duenez, zenbat eta datu base zabalago eta anitzagoa izan, orduan eta hobeto. Hala ere, Bingen Zupiria eta Josu Erkoreka sailburuek aurkezpenean argi utzi zutenez, sistema honek laguntza tresna izateko helburua du, inola ere ez itzultzaileak ordezkatzekoa, akatsak egin ditzakeelako. Beraz, lagungarri oso ona izango dugu, baina emaitzak, badaezpada, berrikusi egin beharko dira.
Sarean momentuz probako bertsioa jarri da erabilgarri eta gutxi barru aterako da behin-betikoa. Horrez gain, telefonoetarako aplikazioa urtea bukatu baino lehen izango da eskura, beraz, lagunok, proba egin nahi baduzue, hementxe duzue zuzeneko esteka:
www.euskadi.eus/itzultzailea