Aste honetan EuWikipediak martxan jarri duen Wiki Bizi Euskal Herria ekimenaren inguruan idaztera gatoz. Dakizuenez, azken hilabeteotan bizi izan dugun egoerak uda parterako planak aldatu beharra ekarri dio jende askori, batez ere, kanpora joateko ohitura dutenei. Sarritan ez gara konturatzen, baina kanpoko edo urrutiko lurrak bertakoak eta hurbilekoak baino askoz hobeto ezagutzen ditugu. Baliteke alboko herrian toki eder eta interesgarriak izatea, baina, hala ere, guk horren berri ez izatea norbaitek esaten digun arte.
Bada, ezezagutza hutsune hori betetzera dator EuWikipediak proposatu digun Wiki Bizi Euskal Herria ekimena. Momentuz, 3 atal ezberdin topa ditzakegu bertan: museoei dagokiena, argazki lehiaketa eta Bidaia Gida irekia.
Euskal Herriko museoek eskaintza zabala dutela badakigu, eta artelan eta erakusketen berri izateaz gain, obrak guztion eskura egon daitezela da lortu nahi dena ekimen honetan museoak gehituta. Argazki lehiaketan, berriz, Euskal Herriko ondarea, kultura eta natura dira ezagutara eman nahi direnak; horretarako, 3 atal izango dira, eta edonork parte har dezake lehiaketako baldintzak beteta. Sari ederrak ere badaude irabazleentzat! Azkenik, WikiBizi ekimenaren hirugarren zatia daukagu, auzolanean gutako bakoitzak bere herriaren inguruan dakiena gehituta Bidaia Gida irekia osatzeko deia.
Denok ezagutzen ditugu munduan zehar herrialde bakoitzaren xarma eta leku ezkutuak bizi ahal izateko merkatuan dauden gidaliburu ospetsuak. Non jan bertako janari berezia prezio onean, non ikusi tokiko bitxikeriak, pasadizo historikoak, etxean bezala lo egiteko leku gomendioak, artisautza... Horiek guztiak azaltzen dituzten gidak dira, bidaiariek euren bizipenetatik sortuak. Hortxe dago, bada, koxka. Nork bere herriaren inguruan dakiguna partekatuz gero, Euskal Herri osoa ezagutzeko aukera aparta izango dugu, bertan bizi garenon eskutik. Horixe da uztailaren 1etik irailaren 30era bitarterako egin diguten, eta egiten dizuegun deia. SARTU ETA SORTU DEZAGUN EUSKAL HERRIA BIZITZEKO GIDA!!