Urria ekaina bitartean astean sei orduko ikastaro telematikoak.
- Ikasturte osoko ikastaroak urrian hasi eta ekainera arte.
- Astean bitan, egunean hiru ordu.
- Mailak > A2 - B1 - B2 - C1
Ikasle batek bere esperientzia azaldu digu:
Esaera zaharrak dioen bezala: “Bataren gaitza besteak on” Nire ustez egia da, eta ez bada izan beharko luke, behintzat, baikor baten ikuspuntutik. Edonola ere, kasu honetan, erabat betetzen da. Telelana, oro har, eta, zehazki, ikastaro telematikoak pandemiak ekarri dizkigun gauza on bakarrenetakoak dira. Eta gaur gauza politez hitz egin nahi dudanez, kontatuko dizuet zergatik naizen ikastaro telematikoen zalea.
Hainbat argudio daude horrelako ikastaroen alde egoteko. Nagusia da ingurumena babesten laguntzen digutela, garraioaren erabilera murrizten delako. Horrez gain, aisialdirako denbora gehiago ematen uzten digute. Hain zuzen ere, ez dugu egunero kalera ateratzeko prestatu beharrik. Alde horretatik, esan behar dut niri gehien gustatzen zaidana klasean pijamaz jantzita egotea dela, oso dibertigarria izateaz gain, praktikoa ere egiten baitzait. Eta amaitzeko, esango nuke oso eraginkorrak direla, nire uste apalean, ikastaro presentzialak baino eraginkorragoak ere bai, aurrez aurre gaudenean baino denbora gutxiago galtzen dugulako eta, beraz, eduki gehiago jasotzeko aukera dugulako.
Gauzak horrela, galdera garrantzitsua egiten diot nire buruari: zergatik ez dago ikastaro telematiko gehiago? Horri dagokionez, uste dut ohiturarik ez daukagulako dela. Konfinamenduaren aurretik, ez zitzaigun burutik pasatu ere gauzak horrela egitea. Baina eskarmentu desatsegin hori alde batera utzi, behin gauzak hobeto egin daitezkeela eta emaitzak onak direla jakinda, horretan pentsatu beharko genuke. Pandemiak aurrera egiteko balio behar digulakoan nago. Ikastaro telematikoak ez ezik, lan batzuk ere etxean egin ditzakegu, eta, lehen esandakoaren legez, horrek makina bat abantaila ditu.
Hori lortzen saiatzea garrantzitsua dela onartzen badugu, gizartean horrelako ereduak ezartzeko irtenbideak bilatu behar ditugu. Alde batetik, bururatzen zait eztabaida gure gizartean planteatu beharko genukeela, adibidez, komunikabideak erabiliz. Telebistako eztabaida-saio asko daude, horrelako ideiak ikusleen artean zabaltzen lagun dezaketenak. Eta bestetik, sare sozialak gazteen artean mezua zabaltzeko plataforma ezin hobea dira. Uste dut aukera ona litzatekeela ingurumena gehiago errespetatzen duen etorkizuna sustatzeko.
Ni, behintzat, artikulu honen bidez hasi naiz laguntzen. Espero dut beste norbait animatzeko balio izatea.
Susana Robredo