Gaurko sarrera Ana Barrera lankideak bidali digu; bera aritu da irakasle Etxepareko ikasle taldeekin, egoerak behartuta online egin dugun Barnetegian. Balorazioa ona izan da ikasleen aldetik eta horrek asko pozten gaitu.
Badakigu beraiek hemen euskaraz bizitzeko gogo itzela zutela, eta bizi dugun egoerak hori oztopatu duen arren, euskara eta euskal kultura hurbiletik ezagutu ahal izan dute, online izan bada ere. Espero dugu datorren urtean, berriz ere, mundu zabaletik gurera etorri ahal izatea hainbat eta hainbat ikasle euskalzale.
Bitartean, eskerrik asko egindako esfortzu eta lanagatik! Eta, orain bai, ondoren irakur ditzakezue Ana irakaslearen hitzak!
"Uztailaren 13an goizeko 9:00etan mundu osoko ikasleak eta kirioak dantzan zegoen irakaslea bildu ziren/ginen Ikasten plataforma birtuala lagun, euren euskara maila eta euskal kulturaren jakinmina hobetzeko eta asetzeko asmoz. Elkar ikusteko eta entzuteko Skype plataforma erabiltzen genuen.
Hasierako egunetan a ze-nolako komeriak nire pantaila konpartitzeko! Edo bizpahiru aldiz azalpen (txapa!) ederra bota ostean, mikrofonoa amatatuta egon zela konturatu nintzenekoa ere aipatzeko modukoa da! Irakaslea millennial ez zela argi eta garbi geratu zen aurreneko unetik. Egiari zor, ikastalde baten hasierako egunak dinamizatzea ez da erraza, pentsa modu "birtualean"! Horrelako hamaika pasadizo egon arren, oso esperientzia polita eta hunkigarria izan dela pentsatzen dut, zinez.
Eguerdi partean A2 taldearen ikasleekin biltzen nintzen. Talde horretan elkar agurtzea edo orduak lantzea oso bitxia izaten zen: Tokyoko Annaren kasuan arratsaldeko 8:00etan hasten baitzen. Belén eta Patricioren kasuan, berriz, goizeko 8:00etan sartzen ziren Argentinako ordulariak horrela agintzen baitzuen.
Goizeko taldeko Kaliyahren kasua ere gogora ekarri nahi nuke, ez baita egunero ezagutzen irlandera ama-hizkuntza duen gazte bat! Berarekin nire ingelesa zein "rusty" dagoen ohartu naiz. Izan ere, ez da kontu bera titulu bat eskuratzea edo hizkuntza horretan jardutea edota bizitzea, ez horixe! Horregatik, sarean elkar ezagutu dugun arren, laster Euskal Herrian ganorazko afari bat antolatzea espero dugu gure euskara hobetzekotan eta zelan ez ba! bertatik bertara ezagutzekotan.
Bien bitartean, ez adiorik ikasle maiteok!
Ana Barrera"