Badira gurean ikastaro bukaeretan ohitura izaten diren pare bat kontu. Bata, afari mundial famatua da, normalean azken gauean egiten dugu mozorro festa parranderoa. Bestea, berriz, ikastaro horretako kanpo ekintzetako argazkiak blogera igotzea izaten da. Afariak atzo beharko zuen izan, baina ezin, konfinamenduan gaude eta! Aurrez aurreko kanpo ekintzak egitea ere ezinezkoa da; hala ere, klaseetatik aparte hainbat ekintza egiten ditugu online, eta horixe kontatzea bururatu zaigu gaurko, argazki eta guzti.
Arratsaldero egiten ditugu proposamen ezberdinak, eta denon artean ibiltzeen gara, ikasle zein irakasle, buru-belarri, jo ta ke parte hartzen. Arrakastatsuenak izan direnak eta barre gehien eginarazi digutenak aipatuko ditugu hemen. Euskal kantugintzarekin zerikusia dutenek, adibidez, oso harrera ona izan dute; batzuetan, “emoji” bidez irudikatutako talde zein abestien izenak asmatu behar izan ditugu, beste batzuetan, gauza bera, baina abesti zati bat (5s) entzunda. Nork bere etxean prestatutako pintxo-potea ere egin dugu, baita gustuko dugun liburu baten argazkia eta besteak konbentzitzeko 3 argudio, di-da, zabaltzea ere. Filmekin ere halaxe egin dugu, eta batzuentzat ezezagunak ziren lanak ezagutu ahal izan ditugu. Abestera animatu diren taldekide batzuk ere izan ditugu!
Hala ere, arrakastatsuenak (“emojiz” osatutako guztiez gain!) honako hirurak izan direla esan dezakegu. Lehena, “paper challenge” izenekoaren barruan grabatutako bidea (FB eta Twiterren ikus dezakezue); ondoren, “Zein leku da?”, Euskal Herriko toki ezberdinetako argazkiak nongoak ziren asmatzekoa; eta, hirugarrena, eta ziurrenik gehien gozatu duguna, euskal memeen sorkuntza. Zenbat barre egin dugun hauetako batzuekin! Hemen dituzue adibide batzuk, eta, hauez gain, gure sare sozialetan ere ikus ditzakezue beste asko!
Ikusten duzuenez, fisikoki urrun bagaude ere, harreman oso hurbila mantentzea lortzen ari gara, eta hori ere, guztioi esker da, beraz, hurrengo ikastaroan, gehiago!