Aste honetako sarreran ere gure helburua ikastaro birtualak edota telelana erraztuko dizkizuen pare bat tresna aurkeztea izango da.
Bai lagunok, barnetegian ikastaro birtualak aurrera daramatzagu, gogotsu eta animo itzelarekin, bai ikasle bai irakasleen aldetik. Egia esan, lehenago ere aipatu dugun arren, egoera honetara egokitzea erronka itzela izaten ari da guztiontzat, eta erantzuna txalogarria alde guztietatik; beraz, eskerrik asko guztioi!
Hori esanda, goazen, bada, harira. Gaur, Jitsi Meet eta BigBlueButton tresnei buruz idatziko dugu. Biak ala biak software librea dira eta euskaraz erabil daitezke, eta, era berean, biek doako zerbitzua eskaintzen dute, beraz, adi!
Gure kasuan, Jitsi Meet asko erabiltzen ari gara ikasleekin ahozkoak egiteko, taldeko mintza saioetarako eta, oro har, harremana ikasgela fisikoan lortzen denaren ahalik eta antzekoena izan dadin. Oso erabilgarria da eguneroko mintzetarako, batez ere, hizketaldi bat izateko ez delako konturik sortu behar; nahikoa da konferentziari izen bat eman eta horren esteka partekatzea. Honela, lotura duen edonor zuzenean sar daiteke, ezer deskargatzen ibili behar barik.
Bigarren tresna BigBlueButton da. Berez, zerbitzu zabalagoa eskaintzen du eta hezkuntzara (urruneko irakaskuntzara) bideratuta dago. Moodle plataformaren erabiltzaile zaretenok, ezagutuko duzue, ziurrenik. Baditu interesgarri egiten duten ezaugarri batzuk, euren artean, fitxategiak eta arbela besteekin partekatu ahal izatea, edo rol ezberdinak erabiltzeko aukera; azken hau, eztabaida edo debateetan erabiltzeko interesgarria. Horiez gain, baditu talde lanerako sarri erabiltzen diren txatak, testuak aldi berean idatzi ahal izatea, inkestak zabaltzea eta pantaila partekatzeko aukerak ere.
Horiek probatzen baduzue, momentuz, nondik ibili! Espero dugu apunte labur hauek baliagarri izatea, behintzat, tresna digitalen eskaintza zabalean argi apur bat jartzeko. Dena den, askoz zabalago eta zehatzago izan dezakezue halako gehiagoren berri, beheko loturan, Librezaleren eskutik. Gu saiatuko gara noizean behin besteren bat hona ekartzen! https://librezale.eus