Bi aplikaziorekin gatoz gaurkoan: batetik, Hizkijalea izeneko gaztetxoentzako abentura jokoarekin; bestetik, JarriON aplikazioaren bertsio berriaren aldaketak ere aipatu nahi dizkizuegu. Goazen, bada!
HIZKIJALEA
Gogoan dituzue aspaldian oso ezagun egin ziren amaiera irekiko liburu haiek? Irakurtzen hasi eta, bat-batean, kontakizunean erabaki bat hartu behar zen, eta erabakia zein zen, liburuak orrialde batera edo bestera bidaltzen zuen irakurlea . Horrela, behin eta berriz bidea aukeratu ondoren, abenturak amaiera bat ala beste izaten zuen. Orain bai, ezta? Bada, horren antzeko zerbait da gaurko blogean zeuoi azaltzeko aukeratu dugun gaia.
Hizkijalea Telegram mezularitza-aplikazioaren barrenean dagoen jokoa da, 8-12 urte bitarteko neska-mutilei zuzendua dago eta elkarrizketa-abentura bat da. Jolastu nahi izanez gero, nahikoa da Telegram barruan @ComeLetrasBot helbidera sartzea. Helburu didaktikoarekin sortutako joko honetan, “hizkijalea” izeneko munstroaren misterioa argitu beharko du erabiltzaileak eta, horretarako, ezinbestekoa izango du mezuak irakurri eta abenturaren pasarte batzuk idaztea. Hau da, bai irakurketa bai idazmena sustatzea du helburu, modu erreal eta dibertigarrian.
Informazio gehiago nahi izanez gero, helbide honetan dago eskuragai:
http://www.fulsion.net/hizkijalea/
JarriON
Telebistan edo mugikorrean euskarazko edukiak (irratsaioetako podcastak, bideoak eta zuzeneko irrati eta telebista) nahieran ikusi edo entzuteko balio du JarriON aplikazioaren bertsio berriak; izan ere, orain arte bideo-kanalak baino ez ziren agertzen.
2017 eta 2018 urte artean Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta sortu zen esperimentazio-proiektua izatetik, euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena eta kontsumoa bultzatzeko produktu izatera pasatu da aurten. Hainbeste ekoizleren materiala dago bertan eskuragai (EITB, Gaztezulo, BerriaTB, Youtuberrak…), eta, egia esan, euskararen inguru digitala zabaltzeko oso tresna erabilgarria dela deritzogu. Beraz, gehiago jakin nahi baduzue, hona hemen aplikazioaren web-orria: https://jarrion.eus/