Hemen zaude

Euskalduntzean orain arte egindako lana handia eta oparoa izan da, zalantzarik gabe. Horren barruan, Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzeak eman dio hainbat laguni euskara ikasi eta, beraz, euskaraz bizitzeko aukera; hala ere, orain artekoa kontuan hartu eta hemendik aurrera datozkigun erronkei aurre egiteko garaia heldu da.

Bide berri hori ahalik eta egokiena izan dadin, HELDUEN EUSKALDUNTZE ETA ALFABETATZEA AURRERA BEGIRA izenarekin egin zen, Bilbon, duela hilabete batzuk, VI. Glotodidaktika Topaketa. Jardunaldiotan, hainbat alorretako adituak elkartu ziren, euskalduntze prozesuaren egungo egoera ikusi, eta ditugun baliabideekin (ahozkotasunaren sustatzea, IKTek eskaintzen dituzten aukerak …) hemendik aurrera emango diren urratsak zeintzuk izango diren hausnartzeko.

Horretarako, honako sei puntuen inguruan aritu ziren hizlariak:

            1.- Biziberritze prozesuaren egoera aztertzea eta HEA horren baitan kokatzea.

            2.- Joera pedagogiko berriek dakartzaten ondorioak eta eskaintzen dituzten aukerak aztertzea.

            3.- Lan munduan eragiteko, testuinguruak interpretatu eta egokituta programatzeko aukerak aztertzea.

            4.- Ahozkotasunaren garrantzia azpimarratu eta berau lantzeko irizpideak jasotzea.

            5.- IKTek ematen dizkiguten aukerak aztertzea.

            6.- Jarduera arrakastatsu batzuk aztertzea, ondorioak atera ahal izateko.

Azken egunean jasotako ondorioen artean, euskara ikastearen doakotasunaren garrantzia eta irakasleen erreleboari bidea prestatzea agertu ziren. Horrez gain, Euskalduntze eta Alfabetatze sistemaren egituratzearen egokitzapena edota ebaluazio sistemak klaseak ematerakoan duen eragina ere aztertu beharko liratekeela komentatu zen.

Ezagutzatik erabilerarako urratsa eta hiztun berrien legitimitatea nola lortu daitekeen ere sakonki aztertu beharreko gaia dela onartu zen, baita lan munduak duen aldaketa sakon baten behar erreala ere. Zentroetako kurrikulum berriari dagokionez, berriz, egoera horri aurre egiteko prestakuntzaren beharra eta, horrekin batera, ahozkoen garrantzia eta horretarako materialen egokitzearen beharra ere aipatu ziren.

Bukatzeko, IKTek zabaltzen dituzten ateak ezagutu eta tresna gehiago garatzeko aukerak ikusi ziren, eta martxan jarri diren proiektu eta esperientzia arrakastatsuen adibidea jarraitu, eta halako proiektuak garatzeak ekar ditzakeen onurak ere aztertu ziren.

Guk ondorioen laburpen/zerrenda ekarri dizuegu gaurkoan hona, baina patxadaz eta gehiago sakondu nahi duen edonork eskuragarri ditu bai adituen aurkezpenak, bai hitzaldien bideoak ondoko lotura honetan:

www.ueu.eus/ikasi/jardunaldi-ikastaroa/1246