Caritas Euskadik eta Aurten bai Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute migratzaileei eta baliabiderik ez duten edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei euskara ikastea errazteko.
Gizarte-bazterketako egoeran dauden biztanleek bizi duten errealitate konplexuaren aurrean, egoera horiek gainditzeko lurraldean diharduten eragileen arteko laguntza koordinatuak inpaktu handiagoa lor dezake.
Caritas Euskadik pertsonen eta komunitatearen garapen integrala sustatzen du, pobrezia- eta bazterkeria-errealitateei arreta berezia eskainiz. Laguntza integral horren barruan, alfabetatze proiektuak eskaintzen ditu lagundutako pertsonek egin dezaketen ibilbidean.
Zornotzako Barnetegia kudeatzen duen Aurten Bai Fundazioak, Caritasen ekintza ezagutzen duenak, ekintza horretatik eratorriko ikasleak hartzeko konpromisoa hartu du. Zornotzako Barnetegian ikasleek ikastaro osoak egingo dituzte, ahal dela pentsio osoko erregimenean.
Hitzarmena sinatzen duten bi erakundeek bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako euskara sustatzeko konpromisoa hartze dute. Bien ustez, herritar migratzaileei eta baliabiderik ez duten edo bazterketa-arriskuan dauden herritarrei ikaskuntza erraztea ekintza positiboa baita gizarte-kohesiorako, batez ere, bi hizkuntza ofizial dituen Euskadi bezalako komunitatean integratzeko.
Hitzarmen horri esker, urtean 24 pertsonak izango dute neguko ikastaroak egiteko aukera (urritik ekainera, biak barne), eta beste 8k udako ikastaroetan egin ahal izango dituzte (uztailetik irailera, biak barne).
Aurten Bai euskal kultura eta hizkuntza sustatzea eta hedatzea helburu duen Kultura Fundazio Pribatua da, teknologia berrietan oinarritutako materialen garapenari arreta berezia eskainiz. Fundazioak, gainera, Zornotzako Barnetegia kudeatzen du. Zentroa euskara ikasteko helduen barnetegia da (16 urtetik gorakoentzat). Bertan bi ostatu-aukera daude, bata barne-erregimenean eta bestea kanpo-erregimenean, eta eskaintzen dituen ikastaroak hilekoak dira neguan eta hamabi egunekoak udan.
Caritas Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoko Caritas da. Hiru lurraldeetako elizbarrutiko Caritasen bitartez, gure gizarteko pertsona behartsuenekin lan egiten du, hainbat programaren bidez, pertsona horiek sustatzeko. Gure erkidegoko gizarte-bazterketaren problematika gero eta nabarmenagoa den errealitatearen aurrean, Caritasek, Administrazio Publikoekin eta beste erakunde batzuekin batera, problematika horri aurre egiten laguntzen du.