Barnetegia barnetegia egiten duen ezer badago, hori da euskaraz bizitzeko aukera ematen duen tokia dela. Horregatik eskolak bertan behera gelditzen zirela eta barnetegia ohiko barnetegian lekutu ordez, onlineko barnetegian lekutu behar zela jakin genuenean, ez genuen jakin erronka berri horri behar bezala erantzuten asmatuko ote genuen.
Baina beti bezala, ezer gauzatzeko orduan parte-hartzaileen inplikazioa eta arnasa da ezinbestekoa; eta hori da, zalantza barik, gure profesional handi guztiengandik eta ikasle finengandik honetan ere jaso duguna. Azken batean, hori da lortu dugun arrakasta hau lortzera eraman gaituena.
Horrela, egunean zehar eskoletan burutu izan ditugunak jaso eta ikasleek bakarrik euren kontura burutu ahal dituztenak burutzeko moodle plataforma erabiltzen dugu. Bertan unitate bakoitzeko helburua lortze aldera, aurreikusitako jarduerak dituzte. Hor batetik eguneko unitateko jarduerak dituzte, gutxienez 6 orduko lana. eta gero, lan gehiago egin nahi dutenentzat, barnetegian ditugun ikasteko gelak eta bestelakoak ditugun bezala, plataforman ere bestelakoak dituzte. Horiek boluntarioak dira. Nork bere nahi, behar, premia, gustuen arabera aukeratzekoak.
Zuzenketei dagokienez, aukera desberdinak eskaintzen ditugu. Hasteko, zuzenketa automatikoa dugu. Zuzenketa automatikoa izan daitekeenetan, ikasleek eurek egiten dituzte euren kontura. Bigarrenez ekoizpenak ditugu. Ekoizpena eskatzen denetan, bi izan daitezke aukerak; batetik idatzizkoak; bestetik, ahozkoak. Idatzizkoa denetan, plataformak irakasleari testuak igortzeko aukera ematen dionez, aukera hori baliatuta jasotzen du irakasleak ikasleen lana; eta aukera hori baliatuta, bidaltzen dio irakasleak, gero, ikasleari feedbacka. Bestetik ahozkoa dugu. Ekoizpena ahozkoa denetan, skype eta jitsi meet plataformak erabiltzen ditugu. Egunean ahozko ekoizpena eskatzen duten jarduerak 1-3 bitartean izaten dira, maila eta eguna zein den, eta jarduna burutzeko egin beharrekoak hauek dira: testuak elkarri kontatzea, elkarrekin zerbait adostea, elkarrekin zerbaiten gainean eztabaidatzea, debatea, kontaketa, …
Ahoz burutu beharreko jarduera horien egitekoa bikoitza da;bat, talde egitura mantendu eta ikasle eta irakasleen arteko harremanak sendotu; bi, ahozko jarduera ugari burutzea, euskaraz bizitzeko aukera horretatik ahalik eta gertuen egoteko.
Barnetegiak duen beste ezaugarrietako bat, baina, eskola-ordu arautuetatik kanpora ere euskaraz bizitzeko aukera ematen duela da. Hau da, barnetegian dena ez da eskola. Barnetegian eskola orduak oso garrantzitsuak dira, baina garrantzitsuak ere bada aisialdia, eskola orduetatik kanpora ikasleek elkarrekin ematen duten denbora eta burutzen dituzten ekintzak.
Eta onlineko barnetegi honetan ere hasieratik izan dugu argi aisialdirako euskarazko aukerak ere behar genituela, euskarazko elkar bizitza sustatzeko. Horregatik eta horretarako jarri dugu martxan whatsapp taldea, barnetegiko ikasle guztion whatsapp taldea. Bertan goizetik hasita, Beñat dugu, barnetegian 5:30etik aurrera izaten dugun moduan, izaten dugu taldeko dinamizatzaile gure artekoa bultzatzeko eta indartzeko. Horrela, egunean zehar jokoak proposatzen dizkigu edo erronkak bideratu edo aisialdirako aukerak eman.
Eta horrela, guztiok bat, guztiok batera barnetegia izaten jarraitzeko aukera egin dugu, denon artean. 8 eskola-egun baino ez dira pasatu, baina egunean egunean baino indartsuago jarraitzen dugu; denok bat eginda eta, nahiz eta etxetik izan, denok barnetegiko komunitatearen parte izaten jarraitzen dugu, barnetegia osatzen. Eta etxean geratu behar honen aurretik bizi genuen parte-hartzea ere lortu dugula esan daiteke.
Eta horregatik, eskerrik asko denoi eta eutsi goiari!!
Maribi Zubiaga
Zornotzako Barnetegiko Zuzendaria
Aukera honi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan helbide honetan: info@zornotzakobarnetegia.eus