Aste Santua baino lehen hitza eman genizuen beste liburu baten inguruan idatziko genuela. Zorretan gaude, beraz, eta Edorta Jimenezek “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” liburuan protagonistak hainbestetan errepikatzen duenez, “zorrak ez dira barkatzen, zorrak kitatu egiten dira”. Ekin diezaiogun, bada, gaurko aukeratu dugun liburuari: Aritz Gorrotxategiren Ahazten diren gauzak (Erein).
9 ipuin labur biltzen dira liburu honetan. Izatez, euretako batzuk, Berria egunkarian edota aldizkari ezberdinetan argitaratuak izan dira bildumatxo honen parte izan aurretik (euren artean liburuari izena ematen diona); beste batzuk, ordea, sariketa eta lehiaketetan irabazle izandakoak dira. Bilduma heterogeneoa bai sortze aldetik eta bai jorratzen duten gaiaren aldetik ere.
“Zergatik ez dute egiten ihes elefanteek” da lehen istorioa, eta bertan Alzheimerra edo memoria galera duen norbaiten azalean jartzen gaitu idazleak, baina, esan genezake, tristura kutsua kenduta egiten duela. Hurrengo 3 ipuinetan, luzaro dirauten bikote-harremanen gazi-gozoak, zalantzak eta balantzak dira protagonista, bai eta Euskal Herriko historia politiko hurbila ere, tartean.
Gaur egungo lan baldintzak, heriotzari nola egiten diogun aurre, etorkinen gaineko uste faltsuak eta errefuxiatuen kanpamenduen egoerak dira beste horrenbeste istorioren oinarri, eta azkena, burua galdu eta … ez dizuegu amaiera kontatuko, oso ona baita!
Hau guzti hau ipuin bilduma honen tonua behintzat ezagutu dezazuen. Oso erraz irakurtzen dira kontakizun guztiak, eta denek dute halako ironia eta umore puntu bat, nahiz eta atzean dauden gaiak hain pisutsuak izan. Merezi du liburua hartu eta banaka-banaka, ipuin hauek irakurtzea; hausnarketarako bidea zabalduko dizuete, baina irribarrea ere aurpegiratuko zaizue. Gainera, astebururako eguraldi kaxkarra iragarrita dagoenez, epeletan irakurtzea plan ezinhobea da, ez ala?
Behin baino gehiagotan irakurtzeko moduko bilduma. On egin!