#AUZOLANDIGITALA
Ezer baino lehen, esan behar dizuegu gaurkoan zuon parte hartzea eskatzera gatozela; #Auzolandigitala eskatzera, hain zuzen ere. Izan ere, sarritan idatzi ditugu hemen #euskarareningurunedigitala-rekin lotutako sarrerak, eta gaurkoan, guztion parte hartzearekin ingurune digital hori zabaltzea da gure helburua.
Zer egin behar dugun azalduko dizuegu lehendabizi, oso erraza baita eskatuko dizueguna: esaldi jakin batzuk ozen irakurtzea eta grabaketa horiek sareratzea. Lasai! Boluntariook ez dugu ezer konplexurik egin behar. Grabaketa horiek web orri konkretu baten egingo dira zuzenean, esaldiak bertan irakurri ahala.
Garrantzitsua da irakurle taldea ahalik eta anitzena izatea arlo guztietan; hau da, adina, sexua, ahoskera, euskaldun zahar zein berriak, euskalkiak … Horrexegatik iruditu zaigu guk guztiok parte hartzea oso baliagarria izan daitekeela ekimenerako, eta kontuan hartzen badugu gutxienez 10.000 ordu grabatzeko helburua dutela proiektua martxan jarri dutenek, guztion laguntza da premiazkoa.
Honezkero jakin nahiko duzue zer dela eta behar diren hainbeste ahots grabaketa, esaldi solte eta jakin batzuk irakurrita, gainera. Bada, hona erantzuna: etorkizunean gailuekin euskaraz hitz egin ahal izateko. Hori da, hain justu, Mozilla fundazioaren eskutik, librezale.eus-etik lortu nahi dena #CommonVoice proiektuarekin.
Orain arte, gailuekin ahotsaren bitartez komunikatzeko dauden sistemek, hizkuntza handietan bakarrik egin dezakete, ez dute ahotsen aniztasuna kontuan hartzen eta, gainera, pribatutasunarekin arazoak dituzte. Horregatik sortu da #CommonVoice, hizkuntza txikiek ere aukera hori izan dezaten, eta aurrean aipatutako arazoei ere konponbidea emateko.
Beraz, lagunok, inongo zalantza eta aitzakiarik gabe, etorkizunean gure gailuekin euskaraz egiteko aukera izan dezagun, sartu behean jarriko dizuegun loturan eta ekin grabatzeari. Sentitzen dugu, baina gaurkoa agindua da!
Iametza.eus web orrian Informazio zabalagoa (baita bitxikeriaren bat ere) aurkituko duzue. Irakurri!
Grabaketei ekiteko sartu hemen: https://voice.mozilla.org/eu