Aurreko astean hasi ziren Zornotzako Barnetegiko udako ikastaroak eta, irailera arte, Etxepareko hainbat ikasle izango dugu berton. Ezagutu ditzagun oraingo hamabostaldia honetan Barnetegiko familia osatzen dutenak.
- Giulia Bagarolo
Giulia Padovako (Italia) neskatoa da. Hizkuntzak ikasten ditu, hain zuzen ere, Europako hizkuntzak. Pasa den otsailean hasi zen euskara ikasten, berarentzat seigarren hizkuntza dena.
- Dario Meneguzzo
Vicenzatik (Italia) dator Dario. Honek, berez, Asiako hizkuntzak ikasten ditu, besteak beste, hindi eta txinera. Hala ere, euskara oso interesgarria delakoan, otsailetik buru-belarri dabil horretan.
- Hannah Wright
Leverpooleko (Ingalaterra) Hannah ere badugu gure artean. Gauza pare bat ditu gustoko: hizkuntzak eta erronkak; hori dela eta, euskaran topatu du biak uztartzeko bidea.
- Marta de Pedis
Marta, Bolognakoa (Italia), aurten berriro ere animatu da Barnetegira etortzera. Hizkuntzalaria da eta duela hiru urte hasi zen euskara ikasten; hasieran unibertsitatean eta, gero, bere kabuz.
- Kelsey Allen
Kelsey Boisetik (Idaho) etorri da. Bere aitona-amonen gurasoak, garai hartan oso ohikoa zen moduan, Gernikatik Ameriketara joan behar izan ziren. Euskara gurasoen belaunaldian galdu zen eta berak, orain, euskararen ardura hartu nahi du.
- Julia Serbina
Donetskekoa (Ukrania) da Julia. Arlo literarioko ikertzailea da. Euskal literaturan murgiltzen ere saiatu da, baina ez du guztiz lortu; izan ere, irakurtzen duena asko gustatzen bazaio ere, oso ehuneko txikia itzultzen da eta ez da nahikoa. Euskaraz irakurtzeko kapaz izan nahi du.