Usted está aquí

Uda honetan, Zornotzako Barnetegian, aste bitan, euskara topera bizi eta lagun mordorekin egundoko giroan gozatzeko aukera izango duzue. Bai, jaun-andreok! Aldaketak daude Zornotzako Barnetegian! Eta aldaketa onak, jakina!

Aurreko urteotako ikasleen nahiak kontuan hartu eta lau bloke prestatu ditugu:

  • EUSKARA + SURFA: Kanpoko ekintzak, hondartzan, ibaian, ur-kirolak… Surf (mundaka), itsasaldia (Bermeo), Paddel surf (Bilbo), kanoak (laida)...
  • EUSKARA + MUSIKA: Kontzertuekin eta dantzarekin gozatu, musika sentitu. Perkusioa Ken7 taldeko Josurekin, Batukada, Dantza, tailerrak, kontzertuak...
  • EUSKARA + HIRIA: Kirola hiri-ingurunetan, ekintzak gure herrietan. Futbola, saskibaloia, igerilekua, herri kirolak, graffiti tailerra, malabarak...
  • EUSKARA + ABENTURA Abentura sentitu ingurune paregabeetan. Eskalada (Urkiola), Rapel (Urkiola), espeleologia (Dima), Paint-ball (Amorebieta), Trekking (Belatxikieta)...

Ikusten duzuenez, arlo guztietara heldu nahi dugu; azken batean, zenbat buru … hainbat aburu. Baina orain, zuon laguntza ezinbesteko zaigu: ZEIN DA GEHIEN ERAKARTZEN ZAITUZTEN BLOKEA? Klik bat besterik ez dizuegu eskatzen. Baina “klik+klik+klik+klik+…+klik= erabakia”, eta helburua ahalik eta egokien erabakitzea denez gero, protagoniston parte hartzea baino modu hoberik ez zaigu bururatu.

2014ko udan boto gehien lortzen duen blokea prestatu eta garatzea dugu asmo. Hamabost eguneko ikastaroa antolatuko dugu euskara beste modu batean ikasteko, benetan sinesten dugulako gogoko ekintzak egin bitartean, edota eginez hainbeste ikasi eta irakatsi ahal dela.

Batzuk animatuko zarete etortzera eta beste batzuk, berriz, ez; baina, egia esan, oraingo honetan, hori gutxienekoa da; guretzat guzti-guztion iritzia baita aintzat hartzeko modukoa. Eta zuon laguntza eskertu gurean, detailetxo bat izan nahi dugu; truke moduko bat! Hau da, klik baten truke, zuzenean, zozketa batean ere hartuko duzue parte; besterik egin gabe. Eta … zer irabazi ahal duzuen? Bada … blokeko ekintza nagusirako gonbidapena. Egun bat oparitu nahi dugu; EGUN AHAZTUEZINA EUSKARAZ!

Animatu eta klikatu!