Usted está aquí

Konturatu orduko, iraila heldu da, edozein proiektu hasteko hilabete garrantzitsua; besteak beste, zelan ez, euskara ikasteari ekiteko. Horixe da, hain zuzen ere, Poziktibity egitasmoaren bigarren olatuak dakarren helburua, herritarrak euskara ikastera motibatzea.

Aurkezpena Bilboko Erriberako Merkatuan izan da, eta, berton, Aitor Elezegi (sukaldaria) eta Xabier Ortzueta (merkatuko langilea) egon dira. Ekitaldia Patxi Bastarrikak, hizkuntza politikarako sailburuordeak, gidatu du, eta gogorarazi digu HABEren matrikulazio kanpaina ere ate joka dugula; alegia, irailaren 3an hasi eta 27an bukatuko da.

Bastarrikak ederto adierazi duen moduan, zenbat eta hiztun gehiago, euskaraz aritzeko hainbat eta aukera gehiago, eta hori euskaldun guztion ardura da: albokoak motibatzea eta euskara ikastera animatzea. Euskaltegi edota barnetegietako eskaintzaz ere aritu zaigu; gero eta zabalagoak direla esan du. Izan ere, uste da euskara maila ez dela oztopoa izan behar euskara ikasten hasteko orduan. Hori dela-eta, A1 eta A2 gehitu direla ere azpimarratu du.

Aurreko guztia esanda, eta kanpainarekiko adostasuna erakutsi asmoz, hauxe da Zornotzako Barnetegiak transmititu nahi duen mezua: aprobetxatu irailak dakarren ilusioa eta emaiozu aukera euskarari!! ANIMA ZAITEZTE EUSKARA IKASTERA ETA EUSKALDUNDU ZURE INGURUA!!

https://youtu.be/TspLy-TWhq8