Ezagutzen duzue Durangoko Batukada Feminista? Geuk bai! Raquel berton egon da ikasle, eta aukera eman digu batukadan aritzeko zein taldearen berri izateko.
Alde batetik, Raquelek eta bere taldekide batek batukada ikastaroa eman ziguten. Horri buruz ez dizuegu gauza handirik kontatuko, pentsatzen baitugu eskaini ahal dizuegun gauzarik handiena jarraian dagoen bideoa dela. Begiratu zein ondo pasatu genuen:
http://youtu.be/WQB2_GRejXY
Beste aldetik, Durangoko Batukada Feminista ezagutzeko asmoz, Raquel elkarrizketatu dugu. Hona hemen elkarrizketa:
- Noiz eta zelan sortu zen taldea?
Duela 3 urte hasi ginen jotzen; berdintasun sailean batukada ikastaroa eskaini zuten eta neska batzuek eman genuen izena. Bertan ikasi, eta gure taldea sortu genuen.
- Zein da taldearen helburua?
Gure ustez, emakumea gutxietsita dago leku publikoetan. Hori dela eta, batukadaren bidez, hau da, zarata eginez, guk leku publikoak hartzen ditugu. Aldarrikatzeko baino ez dugu jotzen; normalean, data jakin batzuetan: azaroak 5, martxoak 8, Lila-krosean…
- Taldearen ezaugarririk deigarriena?
Bada, nire iritziz, oso ezaugarri ona eta ezberdina dauka taldeak, eta gainera, taldekide guztiok horrela izatea nahi dugu. Gurean ez dago nagusirik, ezta hierarkiarik ere; gizartean beti egoten dira, eta gu horren kontrakoak gara.
- Denak emakumeak; zergatik?
Eredu ezberdina erakusteko oso modu bisuala delako. Irudiaren bidez, emakumeok edozertarako kapaz garela islatzen dugu.
- Eta, bukatzeko, zer ematen dizu taldeak?
Ba, alde batetik, aldarrikatu nahi dudana aldarrikatzeko aukera; ez da gutxi! Eta, beste aldetik, batukadak berez eragiten duen energia.
- Ederto, Raquel; mila esker erantzutearren eta batukada ikastaroa ematearren!
Mila esker zuoi!
Orain, zuok ere badakizue zerbait gehiago Durangoko Batukada Feministari buruz!