Zornotzako Barnetegiak Aitziber Atorrasagastiri, hau da, Gerediaga elkarteko gerenteari elkarrizketa egiteko aukera izan du. Gure asmoa izan da, besteak beste, Durangoko Azokak dituen ezinbesteko elementu batzuk hobeto ezagutzea; eta, bide batez, beste kontutxo interesgarri batzuez ere galdetu diogu.
Hona hemen elkarrizketa:
- Gerediaga, gehien bat, Durangoko Azokagatik da ezaguna, baina elkarteak lan gehiago egiten ditu; zeintzuk dira erronkak?
`Durangaldea Bizi´ lelopean egiten dugu lan, eta betiere Kultura esparru nagusi dela. Gerediaga eskualdean eta Bizkaian ezaguna da Azokatik aparte, historian, folklorean eta ondarean egiten duen lanagatik. Inoiz, turismoari begira ere lantxoak egin ditugu. Hala ere, alor guztietan helburu nagusi bat izaten dugu ardatz: gure kulturaren zabalkundea.
- Zein da Argizaiola Sariaren jatorria? Aurten, Anuntxi Aranari emango diozue; zertan oinarrituta?
Elkartean, orain dela 20 urte baino gehiago, hutsune handi bat nabaritu genuen: euskal kulturaren urte latzetan lan egin zuten pertsonen errekonozimendu gabezi bat zegoela. Hura izan zen Argizaiola omen-sariaren jatorria.
Argizaiola, metafora bat da guretzat. Gure kulturan, artisauzko pieza hauek, eliza barruan erabiltzen ziren hildakoei argia eskaintzeko (iluntasunean bidea errazten duen argia da). Argizaiola omen-saria jaso duten guztiak hori izan dira euskal kulturan, gure ustez: urte ilunetan, euskal kultura landu, bultzatu eta sortu izan dituzten pertsonak.
Aurtengo Argizaiola omendua Anuntxi Arana da. Aukeraketan, hiru ardatz izan ditugu kontuan: genero ikuspegia, lurraldetasuna eta burututako lana. Anuntxi, Luiaondokoa izanik, Iparraldean bizi da, eta bi eskualde hauek oso errepresentazio txikia izan dute gure omen-sarietan. Era berean, emakume honek mitologia gaiaren inguruan burututako lana anitza eta, alor askotan, apurtzailea izan da.
Bestelako kontu batzuk ere kontuan izan ditugu, adibidez, euskararekiko bere konpromisoa (bera izan zen Iparraldean euskarazko doktore tesia aurkeztu zuen lehenengoa, eta euskara irakasle ere izan da)
- Urtero gonbidatzen duzue herrialde bat; zer dela-eta? Hain zuzen ere, aurten Okzitania gonbidatu duzue; zergatik?
10 urte inguru daramatzagu herri gonbidatu bat ekartzen. Azken urteotan, ijitoak, galiziarrak, katalanak, kurduak … izan dira gure artean.
Betiere, hizkuntza gutxitua duten herrialdeei egiten diegu lekua, kultura ezberdinetako hartu-emanetan sinesten dugulako. Hartu-eman hauetatik irten daitezkeen sinergiak edota proiektuak oso interesgarriak izaten dira.
Okzitania gertu daukagun herrialdea eta kultura dugu, baina aldi berean, euskaldun askorentzat, nahiko ezezaguna da. Historian zehar harremanetan egon diren bi herrialde hauek elkar ezagutzeko aukera ezin hobea bilakatuko da aurtengo Azoka.
- Teknologia berriek zein leku dute kulturaren plazan?
Berez, teknologi berriei zuzendutako gune bat dugu: Kabi@. Bertan hitzaldiak, tailerrak, produktu-aurkezpenak … egiten dira. Era berean, eta nahiz eta anitzak izan ez, standetan ere teknologia berriekin lotura duten bestelako ekimenak egoten dira.
- Jakin dugu, aurten, 16 auto-ekoizlek izango dutela lekua azoka-gunean; zer dela-eta nobedadea? Nobedade gehiagorik?
Gure gizarte ohiturak aldatzen ari dira, eta Azoka beti egon da adi. Agerikoa da, modu berean, industria kulturalean sortzaileen rola ere aldaketak jasaten ari dela; gero eta ekoizle gehiagok sortzen ditu bere produktuak. Hala ere, Azokaren araudiak ez zuen jasotzen errealitate berri hau, eta horri erantzun bat eman ahal izateko, `Auto-ekoizleen plaza´ jarri dugu abian aurten.
Azoka, beti, nobedade ezberdinekin etortzen da, esate baterako, Areto Nagusian, aurten, `Gogoetaren plaza´ izenpean, iritzirako gune bat sortu dugu. Bertan, Azokaren pasiloetan pil-pilean egoten diren euskal kulturaren gai ezberdinez arituko gara mahai-inguru eta elkarrizketa formatupean.
Beste nobedade batzuk ere badaude, baina horiek deskubritzea bisitariaren esku utziko dugu.
- 49.edizioa; zein balantze egiten duzue Gerediagatik? Erronka asko lortuta; lortzeke?
Aldez aurretik balantze sakon bat egitea zaila da, datuak eta balorazio ezberdinak izan arte, bakarrik sentsazioez hitz egin dezakegu. Gerediaga Elkartean, Azoka bakoitza erronka berri moduan bizi da. Edizio bakoitzean, euskal kulturaren alde lan egiteko apustu zintzoa burutzen dugu Azokaren parte garen guztiok.
Azokaren ibilbidea amaigabea dela jakin badakigu. Erronka berriak beti egon dira eta egongo dira. Kalitatezko Azoka bat nahi dugu guztiok, gure kulturaren erakusleiho bilakatu daitekeena, eta harro sentiarazten gaituena euskaldun zein euskaltzale guztioi.
Benetan interes handiko erantzunak!! MILA ESKER, Aitziber, zure arretagatik!! Eta MILA ESKER, Gerediagatarrok, egiten duzuen lanagatik!! ITZELAK ZARETE!!! Azokan ikusiko dugu elkar.
http://youtu.be/yRVs0hNPUpI
*anboto.org webgunetik hartutako argazkia