You are here

Txiki-txikitatik erakutsi ziguten etxean domeketan mezatara joan behar zela. Hori zen egia mugiezin horietakoa, mundua mundu egiten zuen horietakoa. Eta mezatara emakumeok ezin genuen edonola joan, ez gero! Ezkonduek mantilla beltza eta umetxook mantilla zuria. Mantilla zuria edo mantilla beltza, zuri-beltzean zen mundu baterako.

Zuri-beltzeko mundu hartan egiak ez ziren zalantzan jartzen, egiak egiak ziren eta mezatara joan behar bazen, joan eta listo! Eta mantilla jarri behar bazen, jarri eta listo!

Eta itxura batean, behintzat, mundua, jada, ez da zuri-beltzean; mundua, telebista bezala, koloreetan dugu; eta egiak, jada, ez dira egiak; ez, behintzat, zalantzatik pasatu ez diren egiak.

Eta koloretako mundu honetan emakumeok ez ditugu mantillak jarri behar, ez zuria, ezta beltza ere. Beno, ondo pentsatzen jarrita, ez behintzat, buruan.

Mantilla kendu dugula-eta mantilla kendu barik jarraitzen duten beste emakume horiek lasai asko epaitu egiten ditugu, eta batzuetan kondenatu ere bai; emakume izatera kondenatzen ditugu, geu beste emakume klase izango bagina bezala. Baina zer gara gu gizarteak bere komenientziarako irudikatu dituen emakumeak baino?

Gizarteak, hemen eta han, behar duen emakume eredu hori izatera kondenatu egin gaitu, orain egiten gaitu eta aurrerantzean egin egingo gaitu, hemen eta han. Baina koloretako mundu honetako betaurreko koloretsuak itsututa, gurea ez den beste emakume izate batzuk kondenatu egiten ditugu, gu beste emakume horiek baino emakumeago bagina bezala.

Baina zer gara gu, bada, gugandik espero den emakume izate hori baino? Edo, bestela, zergatik ditugu emakume egiten gaituzten emakume-izen horiek edo emakume-janzkera horiek edo emakume-orrazkera horiek edo emakume-amets horiek? Berezkoak ditugu ala?

Irakaslea