Miren Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Diputatua, Imanol Landa, Getxoko Udaleko alkatea, EUDELen eta Bizkaiko udalen ordezkari gisa, Patxi Agirregomezkorta, Ulibarri euskaltegiko zuzendaria, Bizkaiko euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkari gisa eta Joseba Urriz, Barakaldoko Udal Euskaltegiko zuzendaria, udal euskaltegietako zuzendarien ordezkari gisa izan dira kanpaina aurkezten EUDELEN egoitzan izandako ekitaldian.
Zatoz euskarara kanpainaren helburu nagusiak bi dira: batetik, helduen matrikulazioa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2014-2015 ikasturtera begira, eta bestetik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diren herritarrak eta gizataldeak animatzea euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten euskaltegitik kanpo, edozein gizarte-esparrutan.
Helduen euskalduntzearen sarea
Bizkaian Helduak euskalduntzeko eskaintza guztiz oparoa da gure lurraldean, euskaltegi publiko nahiz pribatuei dagokienez. Hala, sare publikoa 21 udal euskaltegiz osatuta dago, oro har, Bizkaiko herri populatuenetan banatuta. Sare pribatua, berriz, 45 euskaltegiz osatuta dago eta eskaintza joriena Bilbon metatzen den arren, Bizkaiko herri gehientsuenetan ematen dute zerbitzua.
2012-2013 ikasturtean, ia 23.510 ikasle aritu ziren euskara ikasten Bizkaiko euskaltegietan (41.200 EAEkoetan). Horietatik % 27 inguruk (% 23 EAEn) euskaltegi publikoetan ikasi zuten eta % 73 (% 76 EAEn) euskaltegi pribatuetan. Guztira, aipatutako ikasturtean, 4.026.743 ikasle-ordu eta 351.462 talde-ordu eman ziren gure lurraldean. Bestetik, datorren ikasturteko matrikulaziodatuei begiratuta (matrikulazio-aldia ez da amaitu), esan dezakegu helduen euskalduntzearen inguruko datuak oso-oso antzekoak izango direla amaitu den ikasturtearekin alderatuta. Euskaltegien eskaintza, hizkuntza ikasteaz haratago!
Jakina denez, euskaltegien jarduera euskara ‘ikastearekin’ lotu ohi dugu, hau da, hizkuntzaren jakintzarekin. Eta hala bada ere, ikasitakoa euskaltegitik kanpo erabiltzeko hainbat jarduera zehatz ere antolatzen dira euskaltegietan, hala nola, BERBALAGUN eta GURASOLAGUN programak, merkatarientzako, gurasoentzako edo etorkinentzako ikastaro bereziak, mintzapraktika saioak…Horiek guztiek bide ematen diote ikasitakoa kalean, lagunartean, saltokietan, udaletxean, familian… erabiltzeari.
Sustatzaileak eta hartzaileak
BFA eta EUDELekin batera, ekimen honen sustatzaileak Alkarbide bilgunea (Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea) osatzen duten udaletako euskara zerbitzuak eta gure lurraldean helduen euskalduntzean diharduten eragile publiko eta pribatu guztiak dira, hau da, lehen aipatutako euskaltegi-sareak. Hartzaileak, berriz, Bizkaian euskaraz ez dakiten herritarrak eta euskalduntzen ari direnak ditugu, gutxi gorabehera, 700.000 lagun.
Zabalkunde-euskarriak
Euskararen egunean egin ohi dugun moduan, bi kartel eredu prestatu ditugu, bata ekimenaren irudi orokorra jasotzen duena eta bestea herrian dagoen helduen euskalduntzearen eskaintza iragartzen duena. Aipatu euskarriak Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bitartez (59) hedatu dira lurralde osora.