Uda ate-joka dago, eta momentu ezin hobea da, beraz, liburu bat aukeratzeko. Batzuek argi izango duzue zein irakurri, baina beste batzuk, berriz, ezin hautatu ibiliko zarete. Hori dela eta, Zornotzako Barnetegiak iradokizuna egin nahi dizue!!
Jarraian, eta mailaka sailkatuta, hiru liburu proposatuko ditugu. Ea zer iruditzen zaizkizuen!!
- 1.maila: Urperatze handia.
Karlos Linazasorok idatzitako liburua dugu Urperatze handia, eta barre egiteko asmoa izanez gero, argi dago: irakurri egin behar duzu. Jubilatuz beteriko itsasontzia hondoratu egingo da, eta hiru egunez noraezean ibili ostean, atso-agureak jende gabeko irla batera ailegatuko dira. Hortik aurrera, inkomunikazio ezak sortutako surrealismoa nagusituko da, umorez eta ironiaz garatutako eleberrian.
- 2.maila: Odolaren deia.
Iñaki Irasizabal durangarraren thrillerra da Odolaren deia liburua. Eleberri beltz honetan, anai biren arteko harremana irakurriko duzu. Gorkak, protagonistak, anaiaren deia jasoko du; odolaren deia, hain zuzen ere: aita hil egin da. Horrek guztiz aldatuko du mutilen arteko hartu-emana. Intriga gustuko baduzu, hauxe duzu irakurri beharreko hurrengo liburua.
- 3.maila: Egia esan.
Peru Magdalenak idatzitakoa da Egia esan. Oraingo hau oso eleberri bizia da; bat-batekoa eta, neurri batean, zoroa ere bada. Harri eta Kimu aita-semeak dira, baina Kimu ez da aita guztien modukoa. Amarengandik banatu ostean, agurtu ere egin gabe, Mongoliarantz abiatuko da, eta Kimuk ez du haren berririk izango Kleok_Harriren neska laguna denak_ Harrik berak bidaian idatzitako koadernoa eman arte. Koadernoa eskuan, eta aita hobeto ezagutzeko asmoz, Kimu ere abiatuko da Mongoliarantz. Hausnarketa, lekukotza, esperientziak…