You are here

2013-14 ikasturtean, 2014ko urtarrilean hain zuzen ere, HABEk curriculum berria aurkeztu zuen. Horren ondorioz, euskaltegien ekarpenak jasotzeko epea zabaltzeaz gain, adituen batzordeak eratu ziren mailaka curriculuma aztertu eta ekarpenak egiteko. Horrela, ekarpenak jaso eta prozesua amaitutzat eman ondoren, 2014ko azaroan eskegi zuen moodlen HABEk azken bertsioa.

Oraingo astean Batzorde Akademikoa eta Zuzendari Batzordeak deitu ditu HABEk curriculuma onartutzat eman ahal izateko eta Curriculum Agindua argitaratzeko. Curriculum agindua hurrengo hilabeteetan argitara emango da, eta HABEk aurreikusten duen kronograma hau da:

  • Curriculum Agindua indarrean jarri: 2015eko urrian
  • HEOC-a oinarri hartuta, Euskaltegiek zentroko curriculumak HABEri aurkeztu eta HABEk onartu: 2015-16 eta 2016-17 ikasturteak.

Euskaltegiek zentroko curriculuma diseinatzeko eta agindura egokitzeko (materialak, materialak aukeratzeko irizpideak, ebaluazioak eta irizpideak ere HABEren aurrean aurkeztu behar dira eta HABEK onartu) HABEk aurreikusten dituenak bi dira: aholkularitza zerbitzua eta formazioa. Aholkularitza hori oraindik zelan gauzatuko den zehazterik ez badago ere, formaziorako hauek dira HABEk aurreikusten dituenak:

  • 2015eko ekainerako: Q87a gestionatzeko ikastaroak (HEOCak horretan ere aldaketak ekarriko ditu)
  • 2015eko urrian hasita: Curriculumaren gaineko ikastaroak, guztira 6 ikastaro desberdin: A1, A2, B1,B2, C1 eta C2. Ikastaro guztiek atal bi izango dituzte; batean guztiek komunean izango dutena eta bertan curriculumaren irizpideak eta oinarriak landuko dira; bestean mailari dagozkionak landuko dira. Hala ere, ikastarootan alderdi praktikoa bultzatu nahi da, eta materialgintzari tarte berezia eskainiko zaio.

Zentro txiki-ertainen errealitateari erantzun nahirik, HABEk aztertuko ditu elkarlanerako aukerak, eta saiatuko da horretarako bideak zabaltzen eta gidatzen. Honek guztiak duen alde ilun bakarra akreditaziorako zein irizpide erabiliko diren eta probak, ondorioz, hurrengo deialdietara begira, moldatuko diren ala ez. Momentuz, baina, 2015erako ez dago aldaketarik aurreikusita. Beraz, bada garaia euskaltegiko langile guztiok burua honetan jartzeko!