You are here

Badator abenduaren 3.a eta, horrekin batera, dakizuen moduan, Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun handia, gure hizkuntzarena, euskaldun ororentzat, baina aurten handiagoa, nolabait esatearren, euskaldun berrientzat; izan ere, ondo merezitako aitorpena egingo zaie euskaldunak izateko egin eta egiten duten ahalegina eskertze aldera.

Horretarako, zuotariko batzuek dagoeneko jakingo duzuen bezala, HAKOBAk “Euskaldun Berria Kalea” ekimena jarri du martxan, helburua hauxe izanda: euskaldun berriei euren garrantzia ematea; euskarari egin eta egiten dioten mesedea aitortzea. Euskara eskolatik kalera ateratzen duten euskaldunei eskertu nahi zaie, alegia, egindako jauzia; eta, badago, bada, horretarako modu hoberik kalean bertan euren izena betiko jartzea baino? Itzela izango litzateke herri guztietan euren balioa publikoki onartzea. Kale, plaza, iturri edota eraikin bati “Euskaldun Berria” izena ipiniz.

Horixe bera proposatzen du, hain zuzen ere, ekimenak. Alde batetik, Euskal Herriko herrietan leku publiko bati “Euskaldun Berria” deitzea eta, beste aldetik, web gunean diseinatutako mapa batean—bihotz-formakoa— gure izena, norberarena, idaztea.

Zornotzako Barnetegiak bat egin nahi du ekimenarekin. Azken 23 urteotan, hainbat eta hainbat pertsona euskaldundu da gurean; hainbat eta hainbat esfortzu ikusi dugu; hainbat eta hainbat malko; hainbat eta hainbat irribarre. Azken finean, eskolatik kalera salto egiten duten horietako hainbat eta hainbat euskaldun pasatu da bertotik. Hori dela-eta, geuk ere egin nahi dugu aitorpena, eta abenduaren 3tik aurrera, gure aretoak euren izena izango du: “Eukaldun Berria Aretoa”.

Eta zuonean? Zein izango da “Euskaldun Berria”?