Aste honetan Zornotzako Barnetegiak 30 urte bete ditu, eta urteurren borobil hau ospatzeko, ekitaldi berezia izan genuen gurean maiatzaren 10ean. Agintari eta ordezkari politikoez gain, 3 hamarkada hauetan gure etxearen parte izan diren hainbeste lagun bertaratu ziren barnetegira, euren artean irakasle, lankide edota ikasle ibili direnak.
Ospakizun ekitaldia arratsaldeko zazpietan hasi zen kargu publikoei egindako agur dantzarekin.
Ondoren, Ikasle berriaren Aretoan, eta Xabier Euzkitze eta Joxan Goikoetxea musikariek girotuta, Mikel Etxebarria, Aurten Bai fundazioko lehendakariaren, eta Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren hitzak entzun ahal izan genituen. Biek ala biek goraipatu zuten bide luze honetan egindako lana, eta nola ez, hemendik aurrera etorriko zaizkigun erronken inguruan ere aritu ziren, euren artean, digitalizazioa eta ikasteko zein irakasteko ereduen aldaketa.
Behin ekitaldi laburra bukatuta, luntxa izan genuen kanpokaldean; giro ederrean, denok elkarrekin egoteko aukera paregabea.
Horiexek dira, labur-labur, joan den asteartean izandako urteurrenaren nondik norakoak. Gure aldetik, besterik ez; lanean jarraituko dugu etxe honek beti erakutsi duen atxikimendua, ekintza, ardura eta konpromezua mantenduz, eta etorkizunak dakarrenari erantzunez. Eskerrik asko urteotan gure bidelagun izan zareten guztioi, eta batez ere ikasleoi, zuok egiten duzuelako posible gure bidea. Urte askotarako!
#Bizi
#Ikasi
#Geroa irabazi