Usted está aquí

Maribi Zubiaga - Buruko zapia

BURUKO ZAPIA

Txiki-txikitatik erakutsi ziguten etxean domeketan mezatara joan behar zela. Hori zen egia mugiezin horietakoa, mundua mundu egiten zuen horietakoa. Eta mezatara emakumeok ezin genuen edonola joan, ez gero! Ezkonduek buruko zapi beltza eta umetxook zapi zuria. Buruko zapi zuria edo zapi beltza zuri-beltzean zen orduko mundu hartako.

Zuri-beltzeko mundu hartan egiak ez ziren zalantzan jartzen, egiak egiak ziren eta mezatara joan behar bazen, joan eta kito! Eta buruko zapia jarri behar bazen, jarri eta kito!

Eta itxura batean, behintzat, mundua, jada, ez da zuri-beltzean; mundua, telebista bezala, koloreetan dugu; eta egiak, jada, ez dira egiak; ez, behintzat, zalantzatik pasatu ez diren egiak.

Eta koloretako mundu honetan emakumeok ez dugu buruko zapirik jarri behar, ez zuria, ezta beltza ere. Beno, ondo pentsatzen jarrita, ez behintzat, buruan.

Buruko zapia kendu dugula-eta zapia kendu barik jarraitzen duten beste emakume horiek lasai asko epaitu egiten ditugu, eta batzuetan kondenatu ere bai; emakume izatera kondenatzen ditugu, geu beste emakume klase izango bagina bezala. Baina zer gara gu gizarteak bere komenientziarako irudikatu dituen emakumeak baino?

Gizarteak, hemen eta han, behar duen emakume eredu hori izatera kondenatu egin eta egiten gaitu, han eta hemen. Baina koloretako mundu honetako betaurreko koloretsuak itsututa, gurea ez den beste emakume izate batzuk kondenatu egiten ditugu, gu beste emakume horiek baino emakumeago bagina bezala. Emakume izate desberdinak baleude bezala. Baina, zer gara gu, bada? Guregandik espero den emakume izate hori baino beste ezer bagara, ala? Hemen edo han, zer gara, bada? Edo, bestela, zergatik ditugu emakume egiten gaituzten izen horiek edo emakume egiten gaituzten janzkera horiek edo emakume egiten gaituzten orrazkera horiek edo emakume egiten gaituzten amets horiek?

Eta koloretako mundu honetan emakume guztiok ez ditugu buruko zapiak jantzi behar; ez buruan, behintzat. Baina ondo pentsatuta, ez dakit neuk emakume guztiok ez dugun geure burua zapiaz, oraindik ere, ondo lotuta; zapiaz, oraindik ere, preso hartuta.

 

Maribi Zubiaga