Orain dela hilabete batzuk, Eskola Futurari buruzko sarrera egin genuen gure blogean, programa honen nondik norakoak zuoi azaltzeko. Sarritan datuak hotz samarrak izaten direnez, aste honetan, Eskola Futurako Oihan eta Marionekin egon gara hizketan, euren ikuspuntua ezagutu dezazuen.
Oihan, Poitiersekoa da eta aurten bukatu berri du lizentzia Kirol Heziketan; Marion, berriz, Urruñakoa da eta, bere kasuan, Hizkuntzen Zientzian lizentzia egin eta oposizio askotara aurkeztu ondoren erabaki du irakasle izango dela. Biek ala biek aitortzen dute beti izan dutela gogoan irakasle izatea eta Eskola Futura programaren barruan daude, beraz, helburu horretara begira euskara lantzeko; hau da, Lehen hezkuntzan (edo haur hezkuntzan) irakaskuntza elebidunerako oposizio froga prestatzeko.
Euren sorterrian euskararen egoera zein den galdetu diegu. Marionen ustez, elebidun irakasleak eskas dira inguruko eskola guztietan, eta gurasoek badute gogoa beraien seme-alabek euskaraz ikas dezaten. Oihanek aita Donostiarra du, baina bere hitzetan Poitiersen ez dago euskaldun asko (berak ere ikasketa guztiak frantsesez egin ditu); hala ere, badaki Iparraldean irakasle elebidunak behar direla. Bat datoz, beraz, azken urteetan ikusitako joerarekin; hau da, badagoela irakasle euskaldunen/ elebidunen beharra.
Oihan eta Marionekin batera, Eskola Futurako beste 4 ikasle heldu ziren duela bi aste Barnetegira, eta elkarrizketatuek lana gogorra dela aitortu diguten arren, seiak buru belarri ari direla esan digute; ziur gaude hala jarraituko dutela ekainaren azkenera arte, izan ere, ordura arte izango dute denbora gure artean euskara ikasteko, hobetzeko eta lantzeko. Guk, euren euskara maila ikusita, argi daukagu Iparraldean laster izango direla zenbait irakasle elebidun gehiago eta hori benetan pozteko modukoa da. Segi dezagun lanean!!